Klima aldaketarekin «berandu» aritzea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari

Ekologistak Martxan taldeak kritikatu egin du Urkulluren gobernuak aurreko astean eginiko adierazpena, ez dituelako «neurri zehatzak» jasotzen

Autoak dira kutsaduraren eragile nagusietako bat. A. CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ekologistak Martxan-ek salatu du Eusko Jaurlaritzak udalerri mailako egitasmo gutxi bultzatu dituela klima aldaketari aurre egiteko. Aurreko astean «klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera» deklaratu zuen Iñigo Urkulluren gobernuak. Talde ekologistaren arabera, baina, adierazpen hori «beharrezkoa eta premiazkoa» izanda ere, ez dator bat Jaurlaritza alor horretan egiten ari den «lan urri eta ulergaitzarekin».

Gobernuak adierazpena egin baino astebete lehenago, Larrialdi Klimatikorako Aliantzaren mozio bat eztabaidatu eta bozkatu zuten Berangoko eta Sopelako (Bizkaia) udaletan. Testu horretan, besteak beste, udalerri mailan klima aldaketari aurre egiteko egin daitezkeen hainbat proposamen jasotzen zituen: gertuko ekonomiarekin loturikoak, garraio publikoari buruzkoak eta abar. Ekologistak Martxan-ek salatu duenez, EAJk eta PSE-EEk mozioaren kontra bozkatu zuten, tokian tokiko ekimenak bultzatu aurretik udalek goiko erakundeek hartzen dituzten erabakien zain egon behar dutela argudiatuta. Talde ekologistak alderdi sozialistaren jarrera salatu du, Euskal Herritik kanpoko udal batzuetan mozio beraren alde bozkatu baitu.

Ekologistak Martxan-ek espero du EAJk eta PSEk beren jarrerak zuzentzea eta Larrialdi Klimatikorako Aliantzaren hitzarmena maila instituzional «guztietan» onartzea. Halaber, joan den astean Jaurlaritzak larrialdi klimatikoa aitortuz eginiko adierazpena kritikatu du, «neurri eta aurrekontu zehatzik jasotzen ez duelako». Karbono isuriak «neutralizatzeko» gobernuak jarritako epea (2050. urtea) «beranduegi» iruditzen zaio, eta hainbat «megaproiektu» gelditzea galdegin du: AHTa eta Bizkaiko hegoaldeko saihesbidea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.