ETAk entregatutako arma batzuk atzeman dizkiete Frantziako bi poliziari

Detonagailuak, metrailetak eta kalaxnikov fusil bat: denera, 100 arma baino gehiago zituzten Pas-de-Calaisko gordeleku batean ezkutatuta

Frantziako Poliziak, ETAren armagabetze egunean. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako Le Point kazetak zabaldu duenez, Frantziako Poliziako bi kidek ezkutatuak zituzten ETAk entregaturiko ehun arma baino gehiago, Pas-de-Calais departamenduko Arras herriko biltegi batean. Frantziako Poliziaren komunikazio zerbitzuek adierazi dute itxi gabe dela afera eta, beraz, oraingoz ez dutela horri buruz komunikaziorik eginen.

Frantziako agintariek suntsitu egin zituzten ETAk 2017 eta 2018 artean entregaturiko armetako batzuk, baina beste batzuk gorde egin zituzten, zenbait erasotan erabili ote zituzten aztertzeko. Horietakoak hartu zituzten eurentzat aipatu bi poliziek. Tartean dira 80 bat detonagailu, M4 pistola-metrailadoreak, kalaxnikov fusil bat, eta 357 Magnum pistola. Denera 100 arma baino gehiago zituzten ezkutatuak, eta haietarako munizioa ere bai.

Le Pointkazetaren arabera, polizietako batek bere nagusiari eman zizkion armok, eta hark gorde egin zituen, Arrasko lehergaiak indargabetzeko guneko obra txabola batean. Guneko arduraduna da komandantea. Arrasko auzitegiak agentea zigortu du. Komandantea ez dute zigortu, erruduna dela aitortu duelako, baina diziplina auzia zabaldu diote, eta Poliziatik kanpora- tzeko eskatu dute. Arma trafikoan aritzeko asmoa izatea ukatu dute denek, eta «armazale amorratuak» eta «bildumagileak» direla argudiatu dute.

Irailean hasi zuten ikerketa, anonimo batek inguru hartan legez kanpoko arma biltegi bat zegoela ohartarazi zuenean. Horren arduradunak nortzuk ziren jakiteko, kamerak jarri zituzten Arrasko polizia etxekoek. Arma lapurrek kamera bat suntsitu zuten, baina beste kamera batek grabatu zituen horretan ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.