Koronabirusa

Jaurlaritzak etxeko konfinamendua ezartzeko aukera eskatu dio Madrili

Urkulluk alarma egoeraren dekretua moldatzeko eskatu du. LABI batzordea gaur batzartuko da

Pertsona bat kalean, etxeratze aginduan, urrian, Durangon (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon O. Urain - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Etxeko konfinamendua ezarriko duten ala ez; hori da azkenaldiko kezka nabarmenetako bat. Bada, Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseilua atzo arratsaldean batzartu zen, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu zion moldatu dezala alarma egoeraren dekretua, etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko, «beharrezkoa balitz eta erkidego bakoitzaren egoerak hala aholkatzen duenean». Hain zuzen, egun indarrean dagoen dekretuak ez du aukera hori jasotzen, eta beraz, ministerioak erantzun zuen aukera hori «aztertuko» duela.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beste kontsulta bat ere egin zion Pedro Sanchezen gobernuari. Galdetu zuen ea egun indarrean dagoen dekretuarekin erkidegoek baduten eskumenik etxeratze agindurako ezarrita dauden ordutegiak moldatzeko. Ministerioak, ordea, adierazi zuen ez dagoela ziur: ez duela uste, baina kontsultatu egingo duela. Hain justu, alarma egoera ezartzeko dekretuaren arabera, etxeratze agindua 22:00 eta 00:00 artean has daiteke, eta muga horien barruan erkidegoei eman zien ordua zehazteko eskumena.

Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak, ordea, adierazi zuen oraingoz ez dutela aurreikusten etxeko konfinamendurik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere, LABI EAEko babes zibileko planaren aholku batzordea gaur arratsaldean batzartuko da, Jaurlaritzako lehendakaria buru duela. Batzordeak du dauden neurriak bere horretan mantendu eta egokitzeko ardura.

Neurriak, mahai gainean

Berri gehiagoren esperoan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ere agerraldia egin zuen atzo arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoaren berri eman zuen. Haren arabera, izurritearen bilakaera «kezkagarria» da, eta kutsatuen zein ospitaleratuen kopuruak gorantz egiten jarraitzen du; datuak ikertuz gero, hori da joera nagusia. Beraz, ohartarazi zuen COVID-19a «galgatzeko» aukera guztiak daudela jarrita mahai gainean, baina neurri zehatzak erabakitzea batzordeari dagokiola.

Sagarduik ospitaleetako egoeraren berri ere eman zuen. Aitortu zuen ospitaleetan «tentsioa» dagoela, baina herritarrentzako arreta bermatuta dagoela: «Bizi Berri planaren arabera izan ditzakegun ZIU oheen aurreikuspenen bigarren estadioan gaude oraindik». Hala ere, jakinarazi zuen batez ere Donostiako ospitalea ari dela jasotzen kasu gehienak orain bertan. Hain justu, intzidentzia tasarik handiena ere Gipuzkoan dago. Haren arabera, ordea, osasun sistemaren sareak elkarrekin jardutea du asmoa, eta, beraz, ospitale batean «tentsioa» egonez gero, bertako osasun laguntza indartzea izango da helburua. Areago, erantsi zuen baliabide guztiak Osakidetzaren esku jartzen ari direla, eta inbertsioak egiten ari direla.

Nafarroako Gobernuak, berriz, herenegun ohartarazi zuen aurrez ezarritako neurriak beste bi astez luzatuko dituztela. Hala ere, Javier Remirez presidenteordeak atzo adierazi zuen hartutako neurrien lehen eragina nabaritzen hasi direla, datuak oinarri hartuta: «Datuek itxaropentsuak dira, eta badirudi neurriak eragina izaten ari direla».

Ezarritako neurri horien artean zegoen, besteak beste, ostalaritza zerbitzuak ixteko agindua, eta, hain zuzen ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak agindu hori luzatzeko baimena eman zuen atzo. Berdin gertatu da merkataritza gune handiekin ere: gehienezko edukierak %40koa izaten jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.