Kontzertuetan eraso sexistak eragozteko protokolo bat ondu dute

Jaurlaritzak datorren astean aurkeztuko du, eta langileen eta artisten egoera aintzat hartuko du

Gasteizko mugimendu feministak telefono bat martxan jarri du jaietako erasoak salatzeko. GASTEIZKO MUGIMENDU FEMINISTA.
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Kontzertuetan, musika ikuskizunetan eta ekitaldi handietan eraso sexistak eragozteko protokolo bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontzertu eta musika festibalen sustatzaile nagusiekin batera ondu du gida, eta datorren astean aurkeztuko du. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu du jaialdietara, kontzertu handietara eta kongresuetara bideratutako protokoloa dela, eta aintzat hartuko dituela «jazarpen mota ezberdinak» pairatu behar dituzten langileak eta artistak. Besteak beste, udan Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan egingo den Euskal Encounterreko antolatzaileek protokoloa eskatu dute hurrengo aldian erabiltzeko, Artolazabalek jakinarazi duenez.

Joan den astean, jaietako indarkeria matxista kasuak prebenitzeko helburuarekin, gida bat aurkeztu zuen Emakundek, Eudel eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin elkarlanean. Musika ikuskizunetarako eta ekitaldi handietarako ondutako protokoloa haren osagarri dela azaldu du Artolazabalek, xedeberbera dutelako biek ala biek: «Jai giroan eraso sexistak eragozteko tresnak martxan jartzea».Ohartarazi du jai giroan «betaurreko moreak» jartzea ezinbestekoa dela, eta ezerk ez duela sexu indarkeria justifikatzen: «Jaia eta alkohola ez dira aitzakia errespeturik gabeko jarrerak izateko, ezta eraso matxistak egiteko ere».

Jaurlaritzako Berdintasun eta Kultura sailek elkarlanean landu dute protokoloa, kontzertuetako sustatzaileen ekarpenak jasota. Izan ere, Artolazabalek nabarmendu du sektore horretan badutela «sentsibilizazioa» sexu erasoen inguruan, eta jakitun daudela jendetza asko biltzen den ekitaldietan salaketa ugari izaten dela sexu erasoengatik. Indarkeria matxistaren datuei erreparatuta, kezka agertu du sailburuak: «Emakumeen %43k adierazi dute sexu jazarpena jasan dutela noizbait jaialdi batean».

Bestalde, udako jaietan ugaritu egin ohi dira emakumeen aurkako eraso sexistak, eta horrekiko «kezka» azaldu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak. Ezinegona agertu du salaketek gora egin dutelako: «Eraso kopuruak ez dira handitu, baina emakumeek gehiago salatzen dute, kontzientzia eta konpromiso handiagoa dutelako».

LGTBI kolektiboaren aurkako erasoei dagokienez, gorrotoaren aldagaia oso presente dagoela nabarmendu du Erkorekak. «Gisa horretako erasoak Zigor Kodeak delitu gisa tipifikatu dituenetik, LGTBI kolektiboan salatzeko kontzientzia handitu da, eta, aldi berean, horiek borrokatzeko bidea erraztu».

Kongresuko legea

Onarpena ardatz duen sexu askatasunerako legea onartu zuen ostegunean Espainiako Kongresuak, eta Erkorekak iritzi dio lege horrek era ematen duela harremanetako mugak errespetuzkoak izateko, bai eta erasoak, jazarpena eta ezinegona sortzen dituzten egoerak eragozteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.