Kontratu «egonkorrak» galdegin dituzte Osakidetzako egoiliarrentzat

Legebiltzarrak Osasun Sailari eskatu dio «erakargarriak» egiteko lehen arretako lan baldintzak

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Osakidetzako lehen arretako egoiliarren lan baldintzak hizpide izan zituzten atzo Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Egoiliarren kontratazio eredua aldatzeko proposamena eraman zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk eztabaidara, baina ekinbidea bertan behera geratu zen, babes faltagatik. Haren ordez, EAJk, PSE-EEk eta PP-C's-k hitzartutako testuak egin zuen aurrera, Voxen babesarekin. Hiru puntu ditu onartutako proposamenak. Batetik, legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio hurrengo urteetan «beharrezkoak diren postuak» eskaintzeko, Osakidetzako profesionalen artean belaunaldi erreleboa bermatzeko. Halaber, galdegin dio «ahalik eta egonkortasun handiena» bermatzen duen lan kontratua egiteko egoiliarrei prestakuntza amaitzen dutenean. Azkenik, lehen mailako arretako egoiliarrei «arreta berezia» emateko eskatu dio, eskaintzen zaizkien kontratuak «kalitatezkoak» eta «erakargarriak» izan daitezen.

EP-IU abstenitu egin zen bozketan, eta aurka bozkatu zuen EH Bilduk. Eztabaidan, Osakidetzari «prestigioa emateko» beharraz aritu zen Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, eta horretarako politikak aldatu behar direla esan zuen. Ohartarazi zuen osasun profesionalen gabeziaren erantzukizuna Jaurlaritzarena dela, eta kontratazio eredua aldatzeko galdegin zion, oraingoak ez duelako laguntzen «Osakidetza erakargarria izaten». Eredu horrek soldatetan ez ezik, arreta jasotzen duten pazienteen kopuruan ere eragina duela azpimarratu zuen. Haren iritziz, lan baldintza kaskarren ondorioz, «belaunaldi berriak Osakidetza ez den beste hautu batzuk lehenesten ari dira».

EP-IU taldeko Jon Hernandezen esanetan, Osakidetza «ez da behar bezain erakargarria osasun arloko profesionalentzat». Hori dela eta, kontratazio eredua aldatzeko eskatu zuen, egoiliarrek lehen mailako arretaren alde egin dezaten. Haren iritziz, «arazo nagusia lan kargak eta karrera profesionalaren garapena dira».

Kritikak EH Bilduri

EAJk gogor egin zuen EH Bilduren aurka: Osakidetzari buruzko «gezurrak» esatea eta osasun publikoaren «desprestigioaren sustatzailerik handiena» izatea aurpegiratu zion Estibaliz Larrauri legebiltzarkideak EH Bilduri. Osasun Sailak lehen mailako arreta indartzeko eta langileei egonkortasuna emateko egindako ahaleginak azpimarratu zituen Larraurik. «Profesional faltaren arazoa ez da Osakidetzarena: erkidego guztietan eta Europako zati batean gertatzen da, eta Jaurlaritza lanean ari da irtenbideak aurkitzeko». Ideia bera azpimarratu zuen Ekain Rico PSE-EEkoak ere. Haren ustez, Eusko Jaurlaritzak espezializazioak sustatu behar ditu, eta egoiliarrei «kalitatezko enplegu egonkorra» eskaini behar die lan eskaintza publikoen bidez.

PP-C's taldeko Laura Garridok akordioaren garrantzia nabarmendu zuen, lehen mailako medikuen falta konpontzeko «aurrerapausoa» delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.