SOS Arrazakeria boluntario bila dabil migratzaileen mentoretzarako

Orain dela lau urte hasi zuten programa, errefuxiatuekin. «Sare sozialak» zabaltzeko bide bat da

Kanpaina aurkezteko agerraldia, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ez gara hain desberdinak. Harremanetan gaudenean, ageri da. Lelo hori ardatz hartuta, boluntarioak lortzeko kanpaina bat abiatu du SOS Arrazakeriak. Mentoreak nahi ditu; iheslari eta migratzaileei «inklusiorako» bidea erraztuko dieten herritarrak. Atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena, Donostian. Gogora ekarri zuten egitasmoarekin orain dela lau urte hasi zirela, emaitza onak ekarri dituela, eta zabaldu egin nahi dutela orain. Asiloa eskatu zutenentzat egin zuten lehen urteetan, eta migratzaile orori zabaldu nahi diete orain parte hartzeko aukera. Xede nagusia da «hautatua ez den bakardadearen zirkulua» apurtzea, eta migratzaileen harrera eta errotzea samurtzea.

SOS Arrazakeriako Silvana Lucianik eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko Lide Madinabeitiak eman dituzte egitasmoaren gaineko argibideak. Lucianik gogora ekarri du «aurreiritziek eta zurrumurruek» lausotutako begiradarekin ikusten direla usu migratzaileak, haiek ere beren jatorri bereko pertsonez haragoko giroak ezagutzeko zailtasunak izaten dituztela sarri, eta hor eragin nahi izaten dutela mentoretza programarekin. Etorkinen «sare soziala zabaltzeko» ahalegin bat dela azaldu du Madinabeitiak.

Mentore eta migratzaileen arteko hartu-emanak taxuz zaintzen eta jarraitzen dituztela esan dute, bidean laguntza ematen dietela bi aldeei, eta esperientzia onak izan dituztela, oro har.«Ezusteko adiskidetasun» harremanak ernaltzen ikusi dituzte. Mentore izatea hautatzen duten boluntarioei trebakuntza ematen diete aurretik, bidea errazte aldera, egitekoan taxuz aritze aldera.

Hona nola funtzionatzen duen, Lucianiren hitzetan: «Eskaria egiten duen migratzaile edo errefuxiatu bakoitzari boluntario bat izendatzen diogu; hark astean hiru ordu eskaini behar dizkio, gutxienez zazpi hilabetean». Epemuga hori jartzen dute helburu behinena «adiskidetasun harreman bat» erdiestea delako, bi aldeen arteko «lotura» bat ekarriko duena. «Konpromisoa» behar da horretarako.

Gizarteko «alor ezberdinetako» pertsonak nahi dituzte mentoretzan boluntario, migratzaile bakoitzaren soslaiaren arabera ahalik eta aukera handienak izateko haien beharretara egokitzeko. Bidean Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso dutela esan dute SOS Arrazakeriako kideek; eskertu egin dute ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.