Beruna hegaletan

Lan gatazkak pilatzen ari zaizkio Ryanairri: greban daude Erresuma Batuko pilotuak, eta lanuzte luze baten atarian, berriz, Espainiakoak

Ryanairren hegazkinak, atzo, Ingalaterrako Stansted aireportuan. WILLIAM OLIVER / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Langileen matxinada hedatzen ari da Ryanairren. Erresuma Batuko pilotuek bigarren greba eguna egingo dute gaur, lan itun bat eskatzeko. Greba irailaren hasieran jarraitzekoa da, eta baliteke bat egitea Espainiako pilotuek egin lezaketenarekin. Atzo, Sepla pilotuen sindikatuko kideen %90ek baimena eman zieten beren ordezkariei «legezko neurri guztiak» hartzeko Irlandako konpainiak iragarri dituen bostehun kaleratzeak eragozteko. Grebek eragin handia izan lezakete euskal herritarrentzat ere, Ryanairrek hegaldiak baititu Forondan, Miarritzen eta Loiun, baina baita inguruko aireportuetan ere.

Europa barruko hegaldietan bidaiari gehien garraiatzen dituen aire konpainia da Ryanair,baita errentagarriena ere. Baina azken urteetan ez du gatazkei ihes egiterik izan. Iaz, lehen aldiz, Ryanairreko herrialde askotako langileek greba koordinatu bat egin zuten. Helburua zen Irlandako konpainiak bete zezala herrialde bakoitzeko lan legedia, eta ez baliatzea baldintza murritzeneko barrutiak bere langileei ahalik eta gutxien ordaintzeko.

Herrialde batzuetan Ryanairrek amore eman behar izan zuen, baina beste batzuetan ez. Azken horien artean dago Erresuma Batua, Ryanairren negozio eremu nagusia. Protesten ondoren, konpainiak onartu zuen bere langileak sindikatuetan antola zitezela. Ez du, ordea, haiekin traturik itxi, eta Balpa pilotuen sindikatuak grebara deitu bere kideak, lan itun baten alde. Irlandan ere lanuzte batera deitu zuten, soldata igoerak eskatzeko.

Ryanairrek auzitegietara eraman zituen bi grebak. Irlandan, epaitegiek arrazoi eman zioten, baina ez, ordea, Erresuma Batuan. Atzo izan zuten lehen greba eguna, eta konpainiak ziurtatu zuen eragin txikia izan zuela, grebalariak gutxi izan zirelako eta pilotuak aurkitu zituelako hegaldi guztietarako. Gaur izango dute bigarrena, eta irailaren 2an eta 4an jarrai lezake protestak.

Baliteke hiru egoitza ixtea

Irailerako greba batera deitzeko atarian dago Espainiako pilotuen sindikatu nagusia ere, Sepla; Ryanairreko hamar pilotutatik bederatzik babesa eman diote halako protesta bat egiteko. «Ulertzen dugu greba dela geratzen zaigun bide bakarrenetako bat; Ryanair oso konpainia gogorra da negoziatzeko. Legeak beren kasa egiteko eskubidea dutela uste dute», ziurtatu dio Francisco Gomez pilotuen ordezkariak Europa Press agentziari. Egingo balute, kabinetako langileen grebarekin bat egingo lukete, hamar egunez lana uzteko asmoa iragarri baitute; irailaren 1ean eta 2an izango dituzte lehen greba egunak.

Kasu horretan, grebaren bitartez eragotzi nahi dute Ryanairrek bostehun langile kaleratzea. Izan ere, Irlandako konpainiak iragarri du itxi egingo dituela Kanariar Uharteetan dituen bi baseak (Tenerife Sur eta Las Palmas), eta agian berdin egingo duela Gironakoarekin (Katalunia). Guztira, bostehun pilotu eta kabinako laurehun langile bota nahi ditu Europa osoan.

Michael O'Leary Ryanairreko buruaren arabera, kaleratzeen bidez hainbat arazori egin nahi diete aurre: batetik, brexit gogorra gertatuko balitz, arazoak izan litzake Erresuma Batuko eta EB arteko hegaldietan; bestetik, hegazkin eskasia izan lezake, eskatutako Boeing 737 MAX hegazkinak ez zaizkiolako iristen ari, hegan egiteko debekua baitute iaz eta aurten izandako istripuak direla eta.

Ryanairrek ziurtatu du Tenerifeko egoitza ixteak ez duela eraginik izango Forondatik hara doan hegaldian, baina sindikatuek ez dute iritzi bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.