Ascobik kualifikazio faltari egotzi dio eraikuntzan istripuak ugaritzea

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraikitzen hasi ziren etxebizitzek %14 egin zuten gora, iaz
Iñaki Urresti, atzo, Ascobiren 2018ko datuak aurkezten, Bilbon.
Iñaki Urresti, atzo, Ascobiren 2018ko datuak aurkezten, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko otsailak 22
Eraikuntzako langileak ongi prestaturik ez izateak eragina eduki ahal izan zuen iaz izandako istripuen gorakadan. Hala azaldu zuen atzo Iñaki Urresti Ascobi Bizkaiko eraikuntzako patronalaren idazkari nagusiak, 2018ko datuak aurkezteko egindako agerraldian: «Jarduerak gora egin izanak eragina izan dezake, baina baita kualifikazio txikiagoko langileak daudelako ere». Krisi garaian, eraikuntza sektoreak lanpostuen erdiak galdu zituen Bizkaian, eta beharrik gabe geratu ziren langile askok industriara salto egin zuten. Orain, eraikuntza jarduera suspertzen hasi den honetan, enpresa askok langile kualifikatuak topatzeko zailtasunak dituztela ziurtatu zuen Urrestik. «Paradoxa hori daukagu une honetan». Eta hortik heldu liteke istripuen gorakadarako arrazoietako bat.

Iazkoa, gainera, urte beltza izan zen lan segurtasunari dagokionez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.880 istripu izan ziren, duela bi urte izan zirenak baino %3 gehiago. Baina ezbeharren larritasunak gora egin ahala, hazkundea handitu egin zen. 27 ezbehar larri izan ziren iaz, 2017an baino %13 gehiago, eta zazpi langile hil ziren; duela bi urte, berriz, bost behargin hil ziren euren lanpostuan. Eraikuntzaren jarduera egonkortzen hasi zen urtean istripu larriek gorakada nabarmena izan zuten, eta bien arteko lotura egin zuen Urrestik.

Urte ona eraikuntzarentzat

Istripuei dagokienez «urte gogorra» izan zela onartu arren, gainerakoan sektorearen suspertzeaz hitz egin zuen Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiak. Zortzi urte inguru zeramatzan Ascobik sektorearen inguruko analisi positiborik egiten ez zuela. 2017an hasi ziren sumatzen suspertzearen lehen zantzuak, baina iazko datuekin berretsi ahal izan dute sektorea berriz bogan dagoela.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanpostu kopurua %3,8 hazi zen iaz, eta 49.600 langile izatera iritsi zen sektorea. Krisi garaian galdutako enplegua berreskuratu ez den arren, garrantzia eman zion goranzko joerari. Egoeraren inguruan baikor hitz egin zuen Urrestik: «Eraikuntza sektoreak suspertze zantzuak eskaintzen ditu alor guztietan: eraikuntzan, zaharberritzean, lan publikoan eta pribatuetan».

Horren lekuko izan liteke, esaterako, lan publikoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %13 jaitsi zen adjudikatutako lanen kopurua, «baina 2017an ezohiko adjudikazioa egin zuten estatuko erakundeek». Iaz, halakorik ez zen egon, eta hortik beherakada.

Badira, ordea, salbuespenak. Bizkaian, esaterako, %48 handitu ziren herrilanak. Udalen eta aldundiaren eskutik iritsi da igoera hori, batez ere. Hala ere, eskaera bat egin zuen patronaleko arduradunak: «Lan publikoen gorakada horrek eragina izan behar du kontratazio baldintzak hobetzearekin». Horrek lagundu beharko luke, haren ustez, enpresen baldintzak hobetzen eta bezeroek eskatzen duten konplexutasun teknologikora egokitzen.

Etxebizitzen arloa

Baina lan publikoan bakarrik ez du izan gorakada sektoreak. Eraikitzen hasitako etxebizitzen kopurua %14 hazi zen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 5.736 etxebizitza hasi ziren egiten. Gorakada hori apala dela uste du Urrestik: «Oraindik 1.000 biztanleko bi etxebizitzen ekoizpenarekin jarraitzen dugu».

Sektorearen egoera indartzeko, etxebizitza beharrari erantzungo dioten politikak eskatu zituen Ascobiko buruak: «Etxebizitzak sustatzeko neurriak eskatzen ditugu; egungo beharretara egokitzeko erakundeek zorua erreserba dezatela, edo etxebizitza babestuen gehieneko prezioak benetako gastuei egokitzea. Kasu horretan, bederatzi urtez izoztuta daude gastuak».

Hurrengo urteei begira, badu itxaropena Urrestik, sektoreak azken urteetako gorakadari eutsiko diola iritzi baitio. Etxebizitzen arloan du itxaropen gehien, salmentak ongi doazelako. Iaz, esaterako, bizitegien salerosketak %17,7 egin zuen gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gorakada handiagoa izan zen bigarren eskuko etxeetan (+%19) eraiki berritan baino (+%11).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna