Petronor inguruko isuriak «hobeto» neurtuko dira

Meatzaldeko lau estazioen neurketak berdindu egingo dituztela esan du Jaurlaritzak. Informazioa gizarteratzeko protokoloa aldatu nahi du

Petronorrek Muskizen duen findegia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak bereizi egin ditu iazko azaroan eta aurtengo otsailean Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegian izandako arazoak. Haren esanetan, azaroan, airera isuritako bentzeno maila handiak neurtu zirenean, matxura baten ondorio izan zen, eta enpresari kostatu egin zitzaion jakitea zer unitatetan gertatu zen isuria. Otsailean, berriz, aurrez iragarritako geldialdi batean sentitu zuten bizilagunek kiratsa; sailburuaren ustetan, erakunde publikoek huts egin zuten informazioa zabaltzeko orduan, eta, ondo egin izan balitz, egun haietan sortutako alarma saihestuko zatekeen. Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean eman zituen atzo azalpenok, EH Bilduk eskatuta.

Morenok gogoratu du Petronorri ingurumen baimen bateratua berritu ziotela iaz; 2017an hasi zuten prozedura. Besteak beste, isuri mugak orduko, eguneko eta asteko finkatu zituzten, estreinakoz. Ordura arte, legeak ezarritako urteko muga baino ez zen izan erreferentzia: bost mikrogramo metro kubikoko. Mugak jartzeaz gain, hori lortzeko neurriak ere eskatu zizkioten findegiari. Morenoren esanetan, ipini ditu jada. Azkenik, Meatzaldeko airearen kalitatea neurtzen duten lau estazioak hobetuko dituzte azarorako: neurketak homologatuko dira, eta isuri txikiagoak neurtzeko teknologia izango dute. 2014tik bildu gabe egon den erakunde arteko mahaia berriz martxan jarri dutela ere esan du, informazio protokoloak zuzentzeko.

Estazioa, itxita

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu dio zergatik Las Carreras auzoko estazioa ez den ibili hainbat egunetan. Sailburuordearen esanetan, Trinitate plazako obrengatik han neurtutako datuak ez ziren baliagarriak, eta bien bitartean estazio mugikor bat izan dute Maria Auxiliadora auzoan. Estazio mugikorretako datuak ez dira sareratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.