Azken egunetan, harridura sortu dute Baionako epaitegiaren aitzinean ezarri dituzten etxolatxo batzuen argazkiek. Hasierako hipotesia zen lotura zeukatela G7ko agintarien goi bilerarekin, eta horrela dela baieztatu dio Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak Frantziako CheckNews hedabideari. «Etxolatxo batzuk dira, balizko auzi saio baten zain egonen direnak segurtasun eta erosotasun baldintza egokietan aterpetzeko».
Agorrilaren 24tik 26ra izanen da munduko zazpi potentzia nagusietako estatuburuen bilera Miarritzen (Lapurdi), eta segurtasun neurri zorrotzak iragarriak dituzte Lapurdi kostalde guzian: tren geltokiak eta aireportua itxiko dituzte, eta kontrol zorrotzak ezarriko dituzte Irun eta Hendaia arteko mugan. G7 Ez plataformako kideek kontrabilera antolatu dute 19tik 24rako, eta bi mobilizazio eginen dituzte 24an eta 25ean.
Justizia arloan, baliabideak ugarituko dituzte. Vuelta Simonek azaldu duenez, 24 orduz funtzionatuko du epaitegiak: «Hamar bat prokuradore gehiago etorriko dira; denera 30 bat funtzionario, tartean epaileak, bilera garaian laguntza emateko». Adierazi du etxolatxoek aire girotua izanen dutela, eta abokatuarekin bildu ahal izateko nahikoa espazio ere badutela. «Baionako epaitegiak baditu zenbait preso gela horretarako pentsatuak, baina jendeketa gertatuz gero, ez da aski leku izanen». Prokuradorearen hitzetan, hamabost bat pertsona har ditzakete etxolatxo horietan, «baldintza onetan».
Atxiloketetarako prest
Etxola batzuk ezarri dituzte Baionako epaitegiaren kanpoan, G7koen bileraren garaian berehalako auzian pasatuko diren atxilotuak atxikitzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu