Uste baino polikiago moteltzen ari den ekonomia bat jasoko du Txibitek

Nafarroako BPGa %2,8ko erritmoan ari da handitzen, aurreko hiruhilekoan baino 0,1 gutxiago

Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Moteltzen, baina inguruko lurraldeek gustura hartuko luketenhazkunde tasa batekin aurkituko du ekonomia bat Maria Txibiteren gobernu berriak. Nafarroako Estatistika Erakundeak atzo kaleratutako datu aurreratuaren arabera, 2019ko bigarren hiruhilekoan %0,8 hazi da Nafarroako ekonomia, eta horrek hamarren bat baizik ez du txikitu urte arteko tasa, %2,8ra arte. Hazkunde txikiagoa eman dute Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako (%0,6 eta %2,3), INEk Espainiarako (%0,5 eta %2,3), eta are kaskarragoa Eurostatek eurogunerako (%0,2 eta %1,1) eta Inseek Frantziarako (%0,2 eta %1).

Munduko ekonomiaren hazkundea indarra galtzen ari den garai batean Nafarroako datuak azpimarragarriak direla ziurtatu du Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako jarduneko lehendakariordeak. «Nafarroako ekonomia uste baino hobeto ari zaio aurre egiten ekonomia globalaren geldotzeari, eta irazkortasun txikia erakusten ari da beste lurralde batzuei eragiten dieten gatazka geopolitikoen eta gerra komertzialen aurrean».

Oraingoz Nafarroa moteltzeari ongi eusten ari denez, jarduneko gobernuak ez du aldatu duela hilabete batzuk egindako iragarpena, hots, lurraldeko barne produktu gordina iaz baino %2,7 handiagoa izango dela urtearen amaieran. Eusko Jaurlaritzak, berriz, bere hasierako aurreikuspena hamarren bat igo zuen ekainean, %2,2raino, geldotzea uste baino txikiagoa izaten ari dela egiaztatu ondoren. Edonola ere, ohikoa da aurreikuspen horiek urtean bizpahiru aldiz aldatzea, eta ez da baztertu behar Nafarroak hemendik aste gutxira aldatzea bigarren hiruhilekoko datua, atzo zabaldutakoa aurrerapena baizik ez baitzen. Horregatik, Nafarroako Estatistika Erakundeak ez du sektorekako daturik eman, baina aipatu du industriak hazkundea txikitu duela, eta haren hutsunea eraikuntzaren «portaera onak» bete duela. Esportazioen ekarpena ere «arinki moteldu da». Azken datu hori esperotakoa da, azken urteak oso onak izateaz gain, geldotze prozesuan baitaude Nafarroaren kanpo merkatuetako batzuk, hala nola, Alemania eta Erresuma Batua.

Jarduera tasa, %60tik gertu

BPGaren hazkundeari ez ezik, enpleguari ere erreparatu zion Aierdik, eta analisi positiboa egin zuen. Batetik, INEren azken inkestak dio langabezia tasa %7,6ra jaitsi dela, eta jarduera tasa %60ra hurbildu dela. «Praktikoki, krisiaren aurreko jarduera tasara itzuli gara».

Soldatak, berriz, eurotan 2008koak baino %8,5 handiagoak diren arren, inflazioaren eragina kontuan hartuta beste 1,9 puntu bat igo beharko luketela aitortu zuen Ekonomiaren Garapenerako jarduneko arduradunak, baita igoera horrek ez diela herritar guztiei berdin eragin. «Bada zer hobetua».

EBZren neurrien zain

Oro har, eurogune osoan ari da apaltzen hazkunde erritmoa, Eurostatek atzo iragarri zuenez. Europako estatistika erakundeak dio urtearen bigarren hiruhilekoan %0,2 hazi zela BPGa eurogunean eta Europako Batasun osoan. Datu kaskarra da, kontuan hartuta aurreko hiruhilekoan hazkundea %0,4ra eta %0,5era iritsi zela, hurrenez hurren. Ondorioz, urte arteko hazkunde erritmoa hamarren bat jaitsi da euroaren eremuan (%1,1eraino), eta hiru hamarren, berriz, EB osoan (%1,3).

Atzoko BPGaren datuak eta inflazioarenak —%1,3tik %1,1era jaitsi da ekainetik uztailera— arrazoi gehiago emango dizkiote Europako Banku Zentralari bere iraileko bileran ekonomia sustatzeko neurri gehiago hartzeko. Interes tasak gehiago jaistea espero da, baina baita zor bonu publikoak eta pribatuak berriro erosteko programa abian jartzea ere. 2018 amaieran itxi zuen programa EBZk, 2,6 bilioi eurotik gora erosi ondoren, baina agindu zuen behar izatekotan ez zuela izango aktibatzeko dudarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.