Koronabirusa

Jaurlaritza zigortu egin dute, ertzainen osasuna «arriskuan» jarri duelako

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sindikatuei arrazoia eman die: ebatzi du ertzainen eskubideak urratu direla, ez dutelako material egokirik izan

Garikoitz Goikoetxea.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza zigortu egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ertzainen «osotasun fisikorako eskubidea» urratzeagatik. Erne eta Esan sindikatuek jarri zuten salaketa, esanez Jaurlaritzak ez zituela bete koronabirusaren aurka ezarritako segurtasun protokoloak, eta langileek ez zutela eduki behar adinako babes ekipamendurik. Bat egin du auzitegiak: behar adinako neurririk hartu ez izana leporatu dio Jaurlaritzari, eta horrekin ertzainen osasuna «arrisku larrian» jarri izana. Gisa horretako lehen sententzia da koronabirusarekin eta segurtasun neurriekin lotuta.

Zigorra bera funtsean izango da orain arte hartu gabeko neurriak hartzea, sententziak dioenez: alegia, koronabirusarekin ez kutsatzeko material egokia ematea poliziei —besteak beste, maskarak, betaurrekoak, erabili eta botatzeko eskularruak, buzoak eta hondakin infekziosoak botatzeko ontziak aipatu dituzte sententzian—.

Sindikatuek egin zituzten eskari gehiago ere Auzitegi Nagusian, Ertzaintzak neurri gehiago har zitzan; besteak beste, bulegoak eta ibilgailuak desinfektatzeko eskatu zuen. Auzitegiak, ordea, ez du neurri horiek hartzeko agindu, frogatutzat jo baitu pandemiaren hasieratik martxan daudela galdegindako neurri horiek.

Babesteko material gabezia esparru ugaritako langileek eduki dute, batez ere krisiaren hasieran:salatu zuten behar adinako babesik gabe aritu zirela ospitaleetan, zahar etxeetan... Erakundeek argudiatu dute material eskasia zegoela, bilatu arren ezin zituztela inon aurkitu beharreko material horiek. Horri dagokionez, Auzitegi Nagusiak aitortu du «aurreikusten zaila» zela koronabirusaren krisia, zer ondorio ekarriko zituen. «Baina, jakindakoan, atzerapen argia izan zen azkar eta modu eraginkorrean erreakzionatzen». Jaurlaritzari leporatu dio, beraz, «omisioa» egitea, eta horrekin Ertzaintzako langileen osasuna «arrisku larrian» jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.