Igoerak ez du etenik

Argindarra inoiz baino garestiagoa izango da gaur Hego Euskal Herrian. Baliteke eguraldi beroak eta haize eskasak marka berriak ekartzea

Ziklo konbinatuko zentral bat, Soto de Riberan, Asturiasen. ELOY ALONSO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoak amaitu dira, baina ez, ordea, markak egiteko garaia. Ez, behintzat, Iberiar penintsulako argindar sisteman. Atzo, batez beste, inoizko argindarrik garestiena ordaindu zuten merkatu arautuan dauden hego euskal herritarrek: 106,74 euro megawatt-ordua. Arazoa da errekor hori txiki geratuko dela gaurko prezioarekin: 111,88 euro. Aste honetarako eguraldi iragarpena ikusita, oso litekeena da markak hor ez geratzea, bero sapak aire girotu gehiago kontsumitzea ekar dezakeelako, eta haize eskasiak eolikoaren ekarpena txikitu.

OMIE Energiaren Merkatu Iberiarreko Operadorearen arabera, argindarra 21:00ak eta 23:00ak artean izango da gaur garestien, 120 euro kostatuko baita megawatt-ordua. Merkeena, 102 eurokoa, 17:00ak eta 18:00ak artean izango da. Prezio horiek PVPC merkatu arautuan dauden herritarrentzat dira, hamarretik lau. Fakturaren laurden bat argindarraren kotizazioa da; gainontzekoa gastu finkoak eta zergak dira.

Merkatu librean daudenei ez die zuzenean eragiten eguneroko kotizazioak, haiek tarifa finkoak hitzartuta dituztelako argindar konpainiekin, baina bai zeharka, erreferentzia baitira merkatu librerako.

Iazko abuztuko bigarren astearekin alderatuz gero, ia hiru aldiz garestiagoa izango da argindarra aurtengoan, 38,88 euroren kotizazioa izan zuelako tarifa arautuak.

Uztailean, batez beste 92 euroko kostua izan zuen megawatt-orduak, inoizko kopururik handiena. Eskaera handia ez da marka horren erantzulea, argindar kontsumoa %0,5 murriztu baitzen ekainekoarekin alderatuz. Arrazoi nagusia da gasa eta karbono dioxidoa isurtzeko eskubideak asko garestitu direla azken hilabeteetan, baina kontsumitzaileen elkarte batzuek argindar konpainien trikimailuak salatu dituzte, hala nola energia iturri merkeagoak beren osotasunean ez erabiltzea.

Sistemaren aldaketa

Izan ere, argindarraren prezioa erabakitzeko sistema marjinalista erabiltzen da: elektrizitatea hornitzen duen azken zentralaren prezioa jasotzen dute beste guztiek, haren kostua edozein izanda ere. Horrek esan nahi du azken asteetan, eolikoaren ekarpen txikiarekin, gas garestia erretzen duten ziklo konbinatuen prezioa jaso dutela guztiek. Espainiako Gobernuak sistema hori aldatzeko eskatu dio Europako Batzordeari.

Espainiako Gobernuak beste neurri batzuk ere hartu ditu argindarraren faktura merkatzeko, baina oraingoz bakarra ezarri da: BEZa %21etik %10era jaistea argindarra garesti dagoen bitartean. Jaitsiera hori behin betikoa izan dadila eskatu dio Facua kontsumitzaileen elkarteak, baina baita argindarraren prezioa kalkulatzeko sistema alda dezala ere, uste baitu oraingoak espekulaziorako bide ematen duela. Gainera, estatuak zentral hidroelektrikoen kontrola berreskuratzea nahi du, haien kontzesioa amaitzen denean, eta horiekin konpainia publiko bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.