Espainiako segurtasun indarren lana balioesteko eskatu diote Jaurlaritzari

Txosten bat egin dute ETAk Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian eragindako sufrimenduaz

Aurreneko lerroan, ezkerretik, Gorka Urrutia, Beatriz Artolazabal eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskariz, txosten bat ondu du Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak: ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena (1960-2011). Txostenean hainbat gomendio egiten zaizkio Eusko Jaurlaritzari, eta horietatik lehena da «balioestea Estatuko segurtasun indarrek eta Kidegoek ETAren aurkako borrokan egin duten lana».

Txostenean ageri denez, ETAk Espainiako segurtasun indarretako 357 kide hil ditu, 1968an Jose Antonio Pardines guardia zibila eta Meliton Manzanas polizia hil zituenetik. Horietatik 207 guardia zibilak ziren (%58), eta 150, poliziak (%42). Haien familietako hamazazpi pertsona ere hil zituen.

Datuak bildu ez ezik, azterketa kualitatiboa ere egin dute ikerketan, eta, horretarako, ETAren bortxa pairatutako hamalau lagun elkarrizketatu dituzte, den-denak Espainiako segurtasun indarretako kideak edo senitartekoak. Haien bizipenak jaso dituzte txostenean: gehienek nabarmendu dute indarkeriak «istant batean bizitza hondatu» ziela, eta askotan bakardadea eta euskal gizartearen eta instituzioen babes falta sentitu zutela.

Arrupe institutuko Jose Ramon Intxaurbek, Gorka Urrutiak eta Trinidad Vicentek egin dute ikerketa. Horretan oinarrituta, Intxaurbek zenbait aholku eman dizkie erakundeei: esan duenez, biktimen sufrimendua ezagutu eta aintzat hartu behar da, eta horretarako ezinbestekotzat jo du sufrimendu horren onarpen ofiziala. Espainiako segurtasun indarrek egindako lana «balioestea» gomendatu du.

Txostenaren egileen ustez, segurtasun indarretako kideen «aintzatespen publikoa» bultzatu beharko litzateke, «gizartearen eremu askotan estigmatizazioa eta bazterketa morala jasan dituzten zerbitzari publikoak diren aldetik».

Txostenean ageri denez, «Polizia kidegoak gizarte bidezkoagoaren eraikitzailetzat hartu behar dira», eta, horretarako, besteak beste, «ETAren terrorismoaren aurkako borrokaz duten ikuspegia islatzen duten fikzio lanak eta artelanak sustatzea» proposatzen dute, «herritarrei haiekiko enpatia edukitzen laguntzeko».

«Injustizia onartezina»

Txostenaren aurkezpenean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eskatu du gogoeta egiteko Guardia Zibileko eta Espainiako Polizia Nazionaleko kideek eta haien senitartekoek pairatutako «bidegabekeria onartezinaz»: «Bidegabea izan zen, parekatzerik eta konpentsaziorik gabea».

Artolazabalek «egia, memoria eta aitorpena»aldarrikatu ditu ETAren biktima izan direnentzat; «enpatia, maitasuna eta hurbiltasuna adierazten duen aitorpena». Polizia erakundeetako kideen kasuan, esan du erantzuna ezin dela «ideologia edo jarrera politikotik» etorri, giza eskubideen inguruko ikuspegi batetik baizik. «Kontua ez da gutarrakziren ala ez», erantsi du.

Sailburuaren arabera, «pertsonaren duintasunaren printzipioetatik eta giza eskubideen eta pertsona guztien defentsa, babes eta berme eraginkorra baieztatzetik» etor daiteke erantzuna.

Artolazabalek iragarri du jarraituko dutela ETAk gizartearen zenbait esparrutan eragindako minari buruzko ikerketak egiten, eta hurrengoa espetxe funtzionarioek jasandakoari buruzkoa izango dela. Datorren urtean argitaratzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.