EAren azken Biltzar Nazionalak ez du itxi alderdiaren barruko gatazka

Kritikoek esan dute berriro auzitara joko dutela. Biltzarrak Eba Blancoren gidaritza berretsi du

Eusko Alkartasuneko Biltzar Nazionala, Bilbon, joan den larunbatean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
xabier martin
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunaren asteburuko Biltzar Nazionalean parte hartutako biltzarkideen %92k Eba Blancoren gidaritza berretsi dute, baina horrek ez du amaiarazi alderdian dagoen barne gatazka. Hala, kongresuan hartutako erabakiek epaitegien oniritzia beharko dute berriro, Blancoren beraren idazkaritza nagusia barne. Maiorga Ramirez buru duen sektore kritikoak argi utzi du ez duela amore emango epaitegien bidean, eta, hortaz, epaile baten esku egongo dira atzera Bilboko Euskadunan hartutako erabaki guztiak, ildo politikoa besteak beste.

«Biltzarraren helburu bakarra izan da botereari eusten jarraitzea, errealitate judiziala dagoelako aurrez aurre, primarioen prozesu bat errepikatzea agintzen duena», ohartarazi dute kritikoek, Leioako (Bizkaia) EH Bilduko zinegotzi Eguzkiñe Agirreren bidez. Agirrek aditzera eman du sektore kritikoak ez diola uko egingo auzibideari: «Badakite epaile batek erabakiko duela biltzarra legezkoa den edo ez, eta badakite otsaileko biltzarrarekin gertatu zena berriz gertatuko dela dela seguruenera: baliogabetu egingo dutela». Agirrek adierazpen horiek egitean, alboan izan zituen igandean Carlos Garaikoetxea eta Ramirez bera, EAko egungo zuzendaritzaren aurka ari den sektoreko buruak.

EAren XIV. Biltzar Nazionalak idazkaritza nagusian berretsitako gidari Blancok kritikoei eskatu die «faltsukeriak» alboratzeko, lana egiten uzteko eta gehiengoaren erabakiak errespetatzeko: «Badakit, ordea, eskatzen diedan hori ezinezkoa dela», gehitu du, tonu etsian. Blancok aitortu du Eusko Alkartasuna «baldintza nazkagarrietan» iritsi dela ezohiko biltzarrera. Izan ere, aspaldiko barne gatazka eta epaitegien esku hartzea «irudi oso kaltegarria» ematen ari zaio alderdiari, zuzendaritzak eta kritikoen sektoreak berak aitortu dutenez.

Barne gatazkaren funtsa

Ez da erraza azaltzen Eusko Alkartasunak bizi duen auzia, baina alderdi horrek EH Bildu koalizioan jokatzen duen rolarekin lotzen dute kritikoek; zuzendaritzak, berriz, «botere kontu bat» dela dio; alegia, gutxiengoan egotea zer den onartzen ez jakitea.

Batera edo bestera, EAren ibilbideari erreparatu behar zaio barne gatazkaren testuingurua ulertzeko. EAJren banaketa batetik sortu zen Eusko Alkartasuna, Garaikoetxea lehendakari ohia buru zuela, 1986an. Ibilbide luze baten ostean eta beste banaketa baten (Hamaikabat, 2009) zamaren ostean, Euskal Herria Bildu koalizioko kide bilakatu zen, 2012an; aurretik Bildun egon zen.

Ramirez EAko Nafarroako buru ohiak eta egun lau urterako afializioa galdu duen politikariak uste du «koalizioa zenak alderdi bakarraren egiturak» garatu dituela, eta ez du aitortzen EAko zuzendaritzaren zilegitasuna, alderdiaren barruan «demokrazia falta» dagoelako, haren ustez. Baina gatazkaren jantzi politiko hori ukatzen du egungo idazkari nagusi Blancok. «Hau ez da auzi politiko bat EH Bildun dugun enkajearen inguruan, botere kontu bat baizik», esan du modu argian asteburuko biltzarrean.

Epaitegien esku hartzea

Bi aldeen arteko arrakala are gehiago handitu du azken urteetan epaitegiek izan duten esku hartzeak, batik bat sektore kritikoaren ekimenez. Asteburuko Biltzar Nazionala ez egiteko eskaera ere egin diote epaileari, baina kautela neurririk ez du aintzat hartu hark. Dena den, ebazpenak ez luke lasaitasun handirik ekarri beharko EAko zuzendaritzara, han jaso baita, besteak beste, asteburuko erabakiek ez dutela zertan izan betiko, haiek atzera botatzeko bideak badituztela salatzaileek.

Izan ere, aurtengo otsailean egindako Biltzar Nazionala baliogabetu egin zuten epaitegiek, eta horregatik deitu du alderdiak ezohiko biltzarrera orain. Auzitegiek primarioen prozesu bat egiteko agindu zioten alderdiari, kritikoen salaketaren ondoren, eta EAk esplikatu du agindu hori bete duela sobran, asteburu honetako biltzarrera iristeko prozesuan.

Atariko prozesu horretan, izan ere, «militantziaren gehiengoak» parte hartu duela esan du alderdiak. Tokiko batzarren %100etara deitu dute, eta %64,3 egin dira, zuzendaritzak emandako datuen arabera. Aukeratutako biltzarkideak (157) aukeratu zitezkeen guztien %63 izan dira, eta otsailean egindako kongresuan parte hartu zuten 135 biltzarkideak baino gehiago.

Are, Batzorde Eragile Nazionalak uste du «gutxiengo bat boikota egiten» saiatu dela, «dagokion batzarretara deitzeari uko eginez». Tokiko koordinatzaile batzuek batzarretara ez deitzeko hartu duten erabakiaren inguruan, azaldu du Batzorde Eragile Nazionalak haietara deitzeko neurriak hartu dituela, betiere estatutuei jarraikiz, «afiliazio guztiak eskubidea izan dezan» biltzarrean parte hartzeko.

Kritikoek, berriz, salatu dute afiliazioaren %10 baizik ez dela egon zuzendaritzak martxan jarritako prozesuan, eta, hortaz, itzal judizialak berriro estaliko du alderdia luze gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.