Udalen finantzaketa defendatzeko eskatu dute EH Bilduko alkateek

Espainiako Gobernuari dirua uztearen aurka daude, baina aldundien jarrerarekin ere kexu dira

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea eta Itziar Bigure Urduñakoa, atzo, Usurbilen. BERRIA.
Irune Lasa.
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
EH Bilduko alkateek uste dute pandemiak agerian utzi duela udalen garrantzia eta eraginkortasun politikoa. Hori azpimarratu zuten atzo Usurbilen (Gipuzkoa) egindako agerraldian, segidan azaltzeko tokiko erakundeek baliabideak ere behar dituztela autonomiaz gain. «Udalek finantzaketa sendoa eta inbertitzeko malgutasuna izatea ezinbestekoa izango da datozen hilabeteetan eta urteetan».

Tokiko erakundeen finantzabideak hizpide eta eztabaidagai dira egunotan. Abuztu hasieran Pedro Sanchezen gobernuak FEMP Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioarekin akordioa sinatu eta dekretua argitaratu zuen, zeinetan jasotzen den tokiko erakundeek laguntzak eta interesak jasoko dituztela, egun dituzten soberakinak Espainiako Gobernuari maileguan ematearen truke.

Izan ere, udalak ez dira aske euren finantzaketarako: Aurrekontuen Egonkortasun Legeak eragotzi egiten die defizitik izatea, eta, superabitik izanez gero, behartuta daude diru horiek zorra kitatzeko erabiltzera.

Hori bai, legearen baldintza horiek Hego Euskal Herriko tokiko erakundeentzat indargabetu egingo zirela jaso zuen EH Bilduk berak Espainiako Gobernuarekin maiatzaren 20an sinatutako akordioak. Koalizioaren arabera, «EH Bilduk akordio hori betearazteko bidean lanean jarraituko du».

Bitartean, Espainiako Gobernuaren dekretuak foru berezitasunak ez dituela errespetatzen uste dute koalizioko alkateek eta, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Maria Txibite Nafarroako presidenteari dei egin diete ez dezaten dekretua ezartzen utzi eta udalen finantzaketa defendi dezaten.

Anomaliak

EH Bilduko alkateek uste duteEspainiako Gobernuak bere burua finantzatu nahi duela superabitaren erabilera horrekin, eta antzeko mekanismoak ikusi dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien jokaeran. «Udal foru funtsen gaineko aurreikuspena murriztu dute, eta, beraz, udalek uste zuten baino diru sarrera txikiagoak izango dituzte, %20 gutxiago».

Beste anomaliaren bat ere ikusi dute udal finantzekin. Alkateek salatu dutenez, Bizkaiko Aldundiak erabaki du bere altxorrean gordetzea 2019ko funtsaren likidazioko udalen aldeko 26 milioi euroko saldoa, 2020ko balizko likidazio negatiboa konpentsatzeko.

Horrez gain, EH Bilduk salatu du «tirabirak» izan direla Espainiako Gobernuak martxoaren 17an sortutako Ezohiko Gizarte Funts Bereziaren banaketan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek ez dute hortik ezer jaso, «eta beste erkidegoetan funts hori apirilean eta maiatzean entregatu zitzaien udalei». EH Bilduko alkateen ustez, «ez du balio Madrilen aurrean kexatzea, gure udalei finantzabideak kendu zaizkielako hemen gauza bera egiten ari direnean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.