Osakidetzak 3.535 posturen lan eskaintza egingo du, sindikatuen babesik gabe

Lehenbiziko azterketak heldu den udaberrian izango dira. Langileen ordezkarien arabera, irregulartasunak izan daitezke berriz etsaminetan

Osakidetzako osasun zentro bateko ataria, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Lan eskaintza publikoa egitea erabaki du Osakidetzak, argudiatuz egiten ez bada «betiko» gal daitezkeela osasun sistema publikoko hainbat lanpostu. Mahai sektorialeko bilera izan zuen atzo langileen ordezkariekin, eta batzarraren ostean eman zuen erabakiaren berri. Osasun sistemako zuzendari nagusi Rosa Perezek adierazi zuen urtebete daramatela sindikatuekin «negoziatzen», ez dutela lortu haien babesa lan eskaintza egiteko irizpideen inguruan, eta «inondik inora ere» ezin dituztela onartu geldirik egote horrek dakartzan ondorioak. 3.535 lanpostu eskainiko dituzte lan deialdian. Bi fasetan egingo dela jakinarazi zuen.

Lehenengoa abenduan aurkeztuko da, eta azterketak apirilean eta maiatzean egingo dira; bigarrena heldu den udaberrian aurkeztuko dute. Lehen epean gutxienez 1.499 lanpostu eskuratzeko era egongo da, hemeretzi kategoriatan, eta esan dute tartean daudela lehen mailako osasun arta indartzeko lanpostuak. Lan eskaintza publikoaren bidez finkatuko diren postuak erretiroa hartu duten langileak ordezkatzeko direla esan dute, eta badirela propio orain sortutako postu batzuk ere.

Perezek adierazi zuen «berme guztiekin» egingo direla lan eskaintza publiko honetako azterketak, baina zalantza airean dago, aurreko deialdian irregulartasunak atzeman zirelako, eta bertan behera utzi behar izan zituztelako hainbat hautaketa prozesu. Auzitara ere heldu dira filtrazioen gaineko salaketak; jada hogei auzipetu daude, eta zurrunbilo handia sortu da horren inguruan. 2018ko ekainean hasi zen auzia, eta, azaroan, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen. Fiskaltzak 2019ko otsailean jarri zuen Osakidetzaren aurkako salaketa, eta Jon Darpon orduko Osasun sailburuak dimisioa eman zuen martxoan.

Arazoak «betikotzen»

Irregulartasunen itzala uxatze aldera, orain epaimahaiak zozketa bidez hautatuko dituztela esplikatu dute Osakidetzako buruek, urritu egingo dutela horietan parte hartzen dutenen kopurua, eta portaera ona bermatzeko kode bat ezarriko dutela. Sindikatuek adierazi dute, ordea, neurri horiekin ez dela aski, eta «iruzurra» berriz gerta daitekeela. ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk ezinegona azaldu dute. ELAk ohar baten bidez adierazi du deialdi honek «betikotu» egingo duela langileen behin-behinekotasuna: %58 ingurukoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.