EAJk Alderdi Eguna ospatuko du igandean, 'Goazen!' leloa hartuta

Forondako zelaietan egingo dute, eta «berriz elkartzeko eguna» izango da. «Aurrera begiratzeko garaia» dela azpimarratu dute aurkezpenean

Mireia Zarate eta Beatriz Berlanga, atzo, Alderdi Egunaren aurkezpenean. EAJ.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Goazen! goiburupean egingo du EAJk Alderdi Eguna igandean; ohi bezala, Forondako (Araba) zelaietan. Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak eta Beatriz Berlanga EGIko Aberri Kontseiluko kideak Sabin Etxean eman zituzten atzo igandekoari buruzko xehetasunak. Koronabirusaren pandemiaren eraginez Alderdi Eguna ospatzerik ez dute izan jeltzaleek azken bi urteotan— 2020an bertan behera utzi zuten, eta 2021ean osasun neurri zorrotzekin eta formatu txikian egin zuten—, baina, aurten, betiko formatua berreskuratuko dute eta «elkartzeko» eguna izango da. Igandekoa «ilusioa» berreskuratzeko Alderdi Eguna izango dela azaldu zuen Zaratek: «Iragana ahaztu gabe, baina etorkizunari begira, 46. Alderdi Eguna berriz elkartzeko eguna izango da, elkar besarkatzeko eguna, ilusioarena».

Aukeratutako goiburuan laburbildu nahi izan dute igandeko festaren esanahia. «Aurrera egiteko eta begiratzeko garaia da». Zaratek azpimarratu zuen larrialdi egoeran izandako zailtasunei esker «Euskadi indartsuagoa» dela, eta indar hori baliatu beharra dagoela «aurrean diren erronkei aurre egiteko».

Egun osoko jaia

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea Forondako zelaietan izango dira, eta hitzaldia emango dute. Eta han izango dira, besteak beste, Kataluniako, Galiziako, Balear uharteetako, Kanaria uharteetako, Flandriako eta Bretainiako «hainbat adiskide» ere. «Jai giroan» ospatuko dute Alderdi Eguna, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Besteak beste, meza, musika ikuskizunak, haurrentzako jolasak, erromeria eta herri kirolen erakustaldiak izango dira Forondako zelaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.