Berlinek eta Moskuk «sabotajetzat» jo dituzte Nord Streameko isuriak

Gertakariak ez du eraginik izango Europarako gas horniduran, gaur egun bi gasbideak ez baitaude martxan. Danimarkako Gobernuak energia alorreko larrialdia ezarri du herrialdean

Berlinek eta Moskuk «sabotajetzat» jo dituzte Nord Streameko isuriak.
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Nord Stream gasbidea Ukrainako gerraren xake partidako piezetako bat izan da gatazka hasi zenetik eta aurretik ere. Errusia eta Alemania lotzen ditu hoditeria horrek, Ukraina zeharkatu gabe, eta gatazkaren jopuntuan egon da beti. Moskuk iturria itxiko ote zuen mehatxua, matxura posibleak... Orain, Nord Streameko bi gasbideetan aste honetan izandako hiru isuri ikertzen ari dira. Gertakariak ez du eraginik izango Europarako gas horniduran, bietako ezein ez baitago martxan, baina Danimarkak energiaren arloko larrialdi egoera ezarri du herrialdean, handik gertu gertatu direlako isuriak. Hango gobernuak eta Alemaniak ez dute baztertzen sabotaje ekintza bat izatea, ezta Errusiak ere.

Nord Stream 1 irailaren 2an itxi zuen Errusiak, konpresore batean matxura bat zegoela argudiatuta, eta ez du esan noiz abiaraziko duen berriz—uztailean 10 egunez itxi zuen, mantentze lanengatik eta Alemania turbina baten bidalketa blokeatzen ari zela argudiatuta—; Nord Stream 2, berriz, ez da inoiz martxan egon, Alemaniak bertan behera utzi baitzituen gas garraioari ekiteko baimenak, Errusiak Ukrainan esku hartu baino aste batzuk lehenago; hala ere, bi gasbideek gasa behar dute hodietan, arrazoi teknikoengatik. Orain izandako isuriak konpontzeko gutxienez hilabete bat beharko dutela esan dute.

Nord Stream 1ean eta 2an izandako isuriak Danimarkako uretan gertatu dira, Bornholm uhartetik gertu. Danimarkak larrialdia ezarri du argindar eta gas sektoreetan, eta enpresa horiek neurri jakin batzuk ezarri beharko dituzte instalazioen segurtasuna bermatzeko. Gobernuak aitortu du ezohiko gertakaria dela.

Oraingoz, Danimarkako agintariek baztertu egin dute litekeena izatea egurtasunerako eta osasunerako ondoriorik izatea. Dena den, eremutik urrun mantentzeko ohartarazi diete itsasontziei, eta hegazkinei eskatu diete segurtasun garaiera mantentzeko.

Ezohiko gertakaria

Mette Frederiksen lehen ministroak adierazi duenez, «zaila da imajinatzea» isuriak «ustekabekoak» direla, eta azpimarratu du sabotajearen hipotesia ezin dela baztertu. Ekainean, Danimarkako armadak salatu zuen Errusiako gerraontzi batek birritan igaro zituela itsas mugak Bornholm uhartearen iparraldean. Europako Batzordeak, berriz, ez du balizko sabotajeei buruz «espekulatu» nahi izan.

Bi gasbideen operadoreak, Suitzan egoitza duen Nord Stream AGk, azaldu du egun berean eta ia aldi berean gertatu direla kalteak. Aitortu du aurrez sekula ez dela gertatu halakorik.

Alemaniako Tagesspiegel egunkariaren eta Der Spiegel astekariaren arabera, gobernuak ez du uste gertatutakoa «kasualitate» bat denik, eta ez du baztertzen sabotaje ekintza bat izatea: Errusiak «bandera faltsuz» egindakoa ala Ukrainak edo herrialde horrekin zerikusia duten indarrek egindakoa.

Errusiako Gobernua ere «oso kezkatuta» agertu da gertatutakoarekin, eta aukera guztiak zabalik daudela azpimarratu du. «Ikerketaren emaitzak izan arte, ezin dugu ezer baztertu», adierazi du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak prentsaurreko batean. Ukrainak eta Poloniak Moskuri leporatu diote «eraso terrorista».

Nord Streamen isuriak gertatu dira, hain justu Norvegia Europako gas hornitzailerik handiena da orain eta Polonia arteko gasbide berria inauguratu baino ordu batzuk lehenago. Atzo zabaldu zuten, baina urriaren 1ean jarriko dute martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.