Zorraren Gerra Hotza

AEBak eta Txina ez dira ados herrialde pobreei zorra barkatzeko moduen inguruan, eta zenbait berregituraketa itxi gabe daude oraindik

Liu He Txinako lehen ministrordea eta Janet Yellen AEBetako Altxorreko idazkaria, bilera batean. MICHAEL BUHOLZER / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Munduko potentzia nagusia izateko lehia gero eta agerikoan, beste fronte bat ireki dute AEBek eta Txinak: herrialde pobreen zorrarena. Zehatzago esateko, zer ardura duten batak eta besteak zorrak itotako herrialde pobreei zama arintzeko orduan, eta nola jokatu behar duten NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta MB Munduko Bankuak.

Zorraren arazoa indarrez itzuli da herrialde pobreetara, pandemiaren eta inflazio handiaren eskutik. Saharaz hegoaldeko herrialdeen erdiek dituzte arazoak beren kanpo zorra ordaintzeko, eta ez dira bakarrak. Auzitan dago ere Pakistan eta Egipto ordaintzeko gai izango diren, baina egoera okerrena Sri Lankak du. Iaz kanpo zorra pagatzeari utzi zion, eta haren aurretik erabaki hori bera hartu dute Zambiak eta Ghanak.

Asteartean Debt Justice taldeak kaleratutako txosten batek dio munduko 91 herrialde pobreenetan beren diru sarreren %16 erabili beharko dituztela aurten beren kanpo zorra ordaintzeko. Kopururik handiena da 1998az geroztik, eta are handiagoa izango da 2024an, %17ra iritsiko baita.

Kanpo zorrari gehitu behar zaio estatuek beren mugen barruko hartzekodunekin daukatena. Bata eta bestea ordaintzeagero eta garestiagoa da, inflazioari aurre egiteko interes tasak bizkor handitu direlako, eta horregatik Debt Justicek zorrak «bizkor eta sakon» barkatzeko eskatu du. Hori gertatu zen 1990eko eta 2000ko hamarkadetan, eta, horren ondorioz, Saharaz hegoaldeko herrialdeen zorra BPGaren %43tik %23ra jaitsi zen 2004. urtetik 2022ra.

Baina egoera aldatu egin da. Orduan AEBk eta haren Mendebaldeko aliatuak ziren hartzekodun nagusiak —Parisko Club-a—, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin batera. Azken urteetan mailegatzaile berriak agertu dira: inbertitzaile pribatuak, Turkia, India eta, batez ere, Txina. Hura izan da azken hamarkadan herrialde pobreei eta erdibidean daudenei diru gehien utzi diena. XX. mendean AEBek egin zuten moduan, XXI. mendean Txinak diru horrekin handitu nahi izan du munduan duen eragina. Mailegu horietako asko One Belt One Road programaren barruan joan dira. Horrekin, Txinak finantzatu ditu Afrikako herrialdeek eta beste kontinente batzuetakoek egindako azpiegitura handi asko. Obra horiei etekin handia atera die Txinak, askotan eraikuntza lanak Txinako konpainien esku geratu direlako, eta Txinak eskuratu nahi zituen lehengaiak eskuratzeko edo garraiatzeko funtsezkoak izan direlako.

Baina boterearekin batera ardurak ere iristen dira, eta orain, arazoak zabaltzen ari direnean, AEBek ziurtatu dute Txina bere aldetik ez dela ari nahikoa egiten, eta horregatik itxi gabe daudela Zambiaren eta Ghanaren zorraren berregituraketak.

Aste honetan, NDFren eta MBren batzarretan gaia mahai gainean jarri du Janet Yellen AEBetako Altxorreko idazkariak. Gaur dute gaiari buruzko bilera G20ko herrialdeek eta Zor Subirano Globalaren Mahaikoek. Bilera horretan NDFren laguntza izan dezake Yellenek, azken asteetan Kristalina Georgieva erakundeko idazkariak ere «bizkorrago» jokatzeko eskatu baitio Txinari.

Hain zuzen ere, NDFk eta MBk zor berregituraketetan duten zeregina da AEBak eta Txinak zorraren harira duten Gerra Hotzaren arrazoietako bat. Bi erakunde horretako akziodun da Txina ere, baina mesfidantzaz ikusten ditu, AEBen nagusitasunaren tresnatzat baititu. 1944an sortu ziren biak, Bretton Woods konferentziaren ondorioz, eta han erabaki zuten NDFk eta MBk lehentasuna izango dutela zorra kobratzeko.

Hori da, preseski, Txinak aldatu nahi duena: haiek ere zorra barkatu ahal izateko eskatu du. Inbertitzaile pribatu batzuek ere ongi ikusten dute eskaera, eta gogorarazi dute NDFren eta MBren esku dagoela laguntza eskatu duten herrialdeen zorraren %40. Hau da, kopuru handiegia dela berregituraketa batetik kanpo uzteko. Baina Washingtonenezezko borobila dute. Hark argudiatzen duenez, horrek funtsaren zeregina zapuztuko luke: azken mailegatzailea izatea finantzaketa beste modu batera lortzerik ez dutenentzat eta, interes tasa txikiagoen truke.

Sri Lankaren kasua

Desadostasun horrek eragotzi egiten du zorrak berregituratzeko sistema komun bat ezartzea, baina azken egunotan konpontzeko bidean jarri da agian premia handiena zuen herrialdearen arazoa: Sri Lankarena. Janari, elikagai eta erregai eskasiak gogor jo ditu herritarrak, eta matxinada batek Gotabaya Rajapaksa presidentearen ihesa eragin zuen uztailean.

Iaz, azken bi hamarkadetan kanpo zorra pagatzeari utzi zion Asiako lehen herrialdea bilakatu zen. Zor hori pagatu nahi izango balu, bere diru sarreren %75 erabili beharko lituzke aurten.

Atakatik ateratzeko, NDFren atea jo zuen Sri Lankak, baina hori egin aurretik NDFk eskatu zuen Txinak, beste batzuek bezala, urrats bat egitea, haren Exim bankuari 4.100 milioi dolar zor dizkiolako Sri Lankak, bere kanpo zorraren %11. Presio askoren ondoren, martxoaren hasieran Pekinek iragarri zuen parte hartuko zuela zor horren berregituraketan. Ez du zehaztu nola, baina nahikoa izan da NDFk 2.900 milioi dolarren mailegu bat emateko, ohikoak dituen baldintza gogorren truke: zerga igoera eta laguntza publikoen jaitsiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.