Laneko istripuek %1,5 egin dute gora 2018an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Osalanen txostenaren arabera, mila langileko 37,8 istripu izan ziren iaz, 2017an baino %0,9 gutxiago. Ezbeharretan 37 langile hil ziren

Alberto Alonso eta Jon Azkue, atzo, Osalanen egoitzan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Lanean ari zirela 35.786 ezbehar izan zituzten beharginek iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako euskal erakundearen arabera. 2017an baino %1,5 gehiago, hain zuzen. Baina langile kopuruak ere gora egin du denbora tarte horretan, ezbehar profesionalek baino gehiago. Horregatik, laneko istripuen intzidentziak, %0,9 gutxitu dira. Hau da, mila langileko 37,8 istripu izan ziren iaz hiru lurraldeetan, eta, 2017an, 38,2 izan ziren.

Istripu gehienak (33.972) Osalanek «istripu berriak» izendatzen dituenak izan ziren; hau da, ez ziren gaitz zaharrago baten agerpen berriak izan. Horien artean gehienak arinak izan ziren (29.912); larriak 169 izan ziren, eta 34k beharginen heriotza eragin zuten. Azken datu horrek ere gora egin zuen, gainera, 2017koarekin alderatuz gero, 25 langile hil baitziren euren lanpostuan zeudela orain bi urte. Beharrean zeudela bederatzi heriotza kasu gehiago zenbatu zituen Osalanek aurreko urtean.

In itinere istripuek, ordea, behera egin zuten. Lanerako joan-etorrian izandako 74 ezbehar gutxiago izan ziren iaz (3.857), eta hiru behargin hil ziren halako istripuetan, 2017an baino lau gutxiago. Denetara, beraz, 37 langile zendu ziren iaz, hiru lurraldeetan beharrean edo harako joan-etorrian zihoazela; 2017an baino bost gehiago dira. LABen webgunean Euskal Herri osoko heriotza kasuak biltzen dituzte, eta horren arabera, 68 behargin hil ziren iaz, 2017an baino hamalau gehiago.

Datu horiek eskuan, balorazio gazia egin zuen Jon Azkue Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak: «Balantzea ez dugu gustuko, eta lanean jarraitu behar dugu hobetzeko». Gogoeta egiteko beharra aldarrikatu zuen, bereziki enpresarien artean. «Denok egin behar dugu hausnarketa, baina bereziki enpresariek, eurek dutelako prebentzio arloan erantzukizun handiena». Hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatzen diren lan itunetan prebentzio neurriak txertatzeko beharraren alde azaldu zen. «Gizarteak ulertu beharra dauka laneko istripuak saihestu daitezkeela, eta, horretarako, prebentzioaren kultura hedatu beharra dago».

Are gehiago, laneko istripuen jatorrian ezbehar klasikoak egon da. Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusia da, eta hala azaldu zuen: «XXI. mendean oraindik XIX. mendeko istripuak dira ohikoenak: makinen kontrola galtzea, garaiera batetik erortzea, kolpeak...».

Sektore berrietara iritsi

Ezbehar kasu askotan oraindik molde zaharrek irauten badute ere, lanpostu berriei lotutako prebentzio neurriak lantzen hasiko dira Osalanen. Plataforma digital berrietako beharrean aritzen diren langileen eta aplikazioei lotutako zerbitzuetan aritzen direnen laneko arriskuak ikertzen hasiko da. Horretarako, Valentziako Unibertsitatearekin harremanetan jarri da Osalan. «Langile horiek arrisku fisikoaz gain psikosozialak ere badituzte; azken batean, gisa honetako plataformek zabaldu dituzten arriskuen tipologia ezberdina da», Alonsoren arabera.

Baina molde zaharreko lanpostuetan ere laneko osasuna bermatu gabe daukatela salatzen duten kolektiboak ere badaude. Etxeko langileek azken boladan egin dituzten agerraldietan behin eta berriro esan dute ez zaiela laneko istripurik onartu ere egiten; horregatik, Osakidetzari eta Osalani eskatu diete behargin horiei eskubide horiek onartzeko. Azkue sailburuak sektore «konplexua» dela esan zuen, ikuskari bat ezin delako etxe baten barrura sartu. «Konpromisoa daukagu sektore horretan lan egiteko, eta horren lekuko da prebentzio arloko txostenak egin ditugula». Etxeetara ezin dira sartu, baina langile horien bitartekaritza lana egiten duten enplegu agentzietara joaten direla azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.