Koronabirusa munduan

Eten bat protesta masiboetan

Kalean aktibo zeuden gizarte mugimenduak gelditzea eragin du birusak, baina ez desagertzea

Hong Kongen eginiko protesta jendetsu bat, urtarrilaren 1ean. VIVEK PRAKASH/ EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Koronabirusak kaleak isildu ditu, baina ez jendea. Duela bi hilabete eskas, munduko txoko ugaritan manifestazio masiboek betetzen zituzten karrikak: Hong Kongen, Txilen, Aljerian, Frantzian eta Katalunian, besteak beste. Erantzuteko bide eta modu ezberdinak baliatzen zituen bakoitzak, egoera eta helburuen arabera hautatuak, baina bazuten zerbait komuna: gizarte mugimendu indartsuak ziren, eta elkarrekin aritzen ziren, kalean, milaka pertsonaren indarrak bat eginda. Orain, protesta horiek bertan behera uztea eragin dute pandemiaren agerraldiak eta urruntze fisiko behartuak. Sareek, ordea, hor jarraitzen dute; aldarriak ez dira desagertu, eta egungoa, kasu gehienetan behintzat, eten bat baino ez da izango. Gainera, lau hormaren artean ere desadostasunak adierazteko forma berriak sortu dituzte: lapiko jotzea, kasurako. Horrez gain, sare sozialak ere tresna baliagarria ari dira izaten. Libanon, berriz, dagoeneko itzuli dira protestetara.

Hong Kong izan zen lehena birusaren ondorioak hautematen. Han, iragan urteko ekainean piztu ziren protestak: atxilotuak Txinara estraditatzeko modua ematen zuen lege proiektu baten kontura. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek salatu zuten hori indarrean sartzen bazen Txinak aukera izango zuela kolonia ohian babestutako disidenteak atzemateko. Azkenean, hura atzera botatzea lortu zuten manifestariek, baina protestek bere horretan segitu zuten. Hain zuzen, eta handituz zihoan Pekinen esku hartzea Poliziaren indarkeria arbuiatzeari ekin zioten, eta «demokraziaren aldeko» masa mugimendu gisa aurkeztu zuten euren burua.

Hong Kongen azaroan egin zituzten herri bozetan, oposizioa nagusitu zen 18 barrutietatik 17tan. Garaipena indar erakustaldi handia izan zen «demokraziaren aldeko» hautagaientzat, eta irailean egitekoak dituzten hauteskundeetan gauza bera gertatuko ote den beldur da Pekin. Horregatik, berrogeialdiko isiltasuna eta geldialdia ari da baliatzen oposizioko buruzagien aurka jotzeko. Apirilaren 18an, hamabost ekintzaile garrantzitsu atxilotu zituen Poliziak; tartean, Hong Kongeko Alderdi Demokratikoaren sortzailea, Martin Lee.

«Hau da gobernuaren plana: jendea beldurtzea, eta mugimendua berrabiarazteko garaia iristen denean geroz eta jende gutxiago egotea kalean», ohartarazi zuen Isaac Cheng Demosisto erakunde ko liderrak. Hala ere, jakinarazi zuen egoera hau «etenaldi» bat baino ez dela, eta inolaz ere ez «mugimenduaren amaiera».

Gainera, pandemiak iraun bitartean, protesta egiteko beste modu batzuk aurkitu dituzte. Esaterako, hainbat gazte Animal Crossing bideo jokoa baliatzen ari dira aldarrikapen mezuak zabaltzeko.

Atsedenaldi bat baino ez

Txilen ere eten egin dira kaleko protesta jendetsuak. Han, urrian egin zuen herriak eztanda, eta metroaren prezioaren igoerak haserrea leherrarazi zuen. Ohartzerako, baina, herrialdeko eredu politiko eta ekonomikoaren aurkakoa bilakatu zen mugimendua. Sebastian Piñera presidenteak militarizazioarekin eta errepresioarekin erantzun zien protestei.

Herritarren presioak bultzatuta, azaroan, Augusto Pinocheten diktadurako konstituzioa atzean utzi ahal izateko urrats garrantzitsua egin zuen herrialdeak: gobernuak eta oposizioak formalki adostu zuten konstituzio berri bat aukeratzeko plebiszitua egitea. Hori, baina, joan den igandean ziren egitekoak, eta, pandemiaren ondorioz, urrira atzeratu dute. Erabakiak herritarren haserrea eragin du, eta atzerapena gaitzesteko mezuak zabaldu dituzte.

Udako oporren garaian, protestak baretu egin ziren, baina Martxoaren 8an argi geratu zen herritarren mugimenduak indartsu jarraitzen duela, eta hil horretan protesten pizkundea izatea espero zen. Horiek horrela, Rainier Rios MST Langileen Mugimendu Sozialistako kidearen ustez, Piñerak «arnasa lasai hartu zuen» koronabirusa herrialdean sartu zela jakitean.

Hala ere, herritarren ahotsak ez dira isildu, eta astelehenean bertan gobernuaren aurkako mobilizazioa egin zuten Santiagoko Italia plazan. 60 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, «distantzia fisikoa ez mantentzeagatik». Debekatuta daude 50 lagunetik gorako bilerak, eta, jakinarazi zutenez, 200 pertsona inguru bildu ziren.

Aljerian ere bertan behera geratu ziren manifestazioak martxoaren 20an, 56 ostiralez jarraian kalera irten ostean. Izan ere, gobernuaren aurkako mugimenduko ekintzaileek «osasun menia» adostu zuten. Hala ere, eragileek aktibo jarraitzen dute sare sozialen bitartez, eta osasun krisiaren ondoren ere kale protestek jarraituko dutela dirudi. Herritarrak egun indarrean dagoen erregimenaren aurka ari dira borrokan.

Katalunian ere izan du eragina birusak. 2019an milaka lagun elkartu ziren kalean Espainiako Auzitegi Gorenaren zigor epaiari erantzuteko eta autodeterminazio eskubidearen aldeko protestak egiteko. Horiek horrela, Tsunami Demokratikoak urtarrilean iragarri zuen «protesta fase berriari» ekingo ziola. Kasu honetan ere, geldialdi bat baino ez da izango, beste hainbat herrialdetako protestetakoa bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.