Koronabirusa

Foru ogasunen bilketa %17 murriztu da urteko lehen lauhilekoan

Koronabirusak eragindako itxialdiak zerga guztietan izan du eragina, baina BEZaren erorikoa izugarria izan da, %40 artekoa Gipuzkoan

Unai Rementeria, Pedro Azpiazu eta Ramiro Gonzalez, otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. JUANAN RUIZ / FOKU.
xabier martin
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Inoiz baino inbertsio publiko handiagoa egin beharko duten aroan sartu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeak, eta inoiz baino bilketa urriagoa izango dute zeregin horretarako. Jakina zen bilketa atzera egiten ari zela Euskal Herri osoan, koronabirusak eragindako itxialdiak ekonomiaren geldialdia ekarri baitu. Martxoko datuek eman zuten gertatzen ari zenaren neurria, itxialdiak soilik hilabetearen erdia harrapatuta ere, foru ogasunen bilketa %7tik gora txikitu baitzen urteko lehen hiruhilekoan. Bada, gainbehera hori %16,8ra iritsi da apirileko datuak gehitu ondoren, txikizioaren abiadura bikoiztuz. Iazko lauhilekoan baino ia %17 apalagoa izan da bilketa, beraz; alegia, 770,6 milioi euro gutxiago bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, zehazki 3.802,2 milioi euro.

Zerga guztietan nabari da COVID-19ak ekonomiari eman dion kolpea, eta lurralde guztietan, nahiz eta batzuetan besteetan baino eroriko handiagoak gertatu diren. Enplegu suntsiketa martxotik apirilera 23.200 afiliatu gutxiago dago Gizarte Segurantzan, Hegoaldean galera handiak eragin ditu bilketan, baina zerga zuzenez harago, BEZa izan da atzera gehien egin duena. Komertzioa itxita egon denez, eta oraindik ere kontsumitzeko zailtasun handiak daudenez, %40 inguru gutxitu da zerga hori Gipuzkoan; Bizkaian %30etik gora, eta Araban, ia %22. Gipuzkoa da, halaber, zulo handiena egin duena bilketaren kutxan urteko lehen lau hilabeteak aintzat hartuta, guztira %24,4 apaldu baita kopurua (273 milioi gutxiago); Bizkaiak %14,8 egin du atzera (426,6 milioi gutxiago); eta Arabak, %12,3 (70,7 milioi gutxiago).

Errenta zergan eta sozietate zergan ere jaitsierak dituzte ogasun guztiek. Bizkaiak esplikatu du errenta zergaren kanpaina ekainera arte luzatzeak azaltzen duela hein batean zerga zuzenetan izan duen %8,8ko gainbehera. Horien artean, sozietate zergan %17,6 gutxiago bildu du. Ogasunak dio autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek egin behar dituzten martxoko eta apirileko hainbat ordainketa ekainera atzeratu direla, eta horrek areagotu duela gainbehera. BEZarengatik 2019an baino azkarrago egindako 65 milioi euroren itzulketak ere aipatu ditu azaltzekozenbaki orokorrek islatu dutena baino apur bat hobea dela egoera, beltza izanagatik.

Aurreikuspen kezkagarria

Aldundiek uste dute urtearen amaieran %20-25 gutxiago bilduko dutela, 3.000 milioi inguru.Nafarroak ere kopuru zehatz bat eman du: 818 milioi gutxiago, -%20.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jada atera ditu guraizeak: UFFF Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko du —107 milioi euro guztira—. Garrantzi handiko erabakia da, bereziki udalerririk txikienenentzat, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen dituztelako.

Gaur bilduko da Jabier Larrañaga Ogasun diputatua lurraldeko alkateekin, eta aurkako ahots ugari entzun beharko ditu. Izan ere, 88 alkateetatik 55ek eskatuko diote atzera botatzeko funtsa txikitzeko «alde bakarreko erabakia». Kopuruari eustea nahi dute, eta zergetan bilduko ez dena hiru urteko epean itzuli ahal izatea. Gainera, hogei milioiren diru laguntza nahi dute, gain kostuei aurre egiteko. Sinatzaileak EH Bildukoak eta independenteak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.