Koronabirusa

Eskoletan maskararen erabilera arintzeko eskatu diote Bildarratzi

Gasteizko ikastola batean sinadura bilketa hasi dute haurrek maskara derrigor jantz ez dezaten

Bilboko ikastetxe baten sarreran umeak ilara egiten maskara jantzita. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Gasteizko Abendaño ikastolako guraso talde batek sinadura bilketa abiatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzeko ikastetxeetan maskararen erabileraren inguruan ezarriak dituen hainbat neurri «ahalik eta lasterrena» malgutzeko. Zehazki, «onartezin» iritzi diote 6 eta 12 urte arteko umeek eskola orduetan maskara une oro jantzita eduki behar izateari. Guraso taldeak salatu du «kezkagarria» dela adin tarte horretako umeek maskara derrigor erabili behar izatea patioan jolasten ari direnean, aire zabalean daudenean, edota ariketa fisikoa egiten ari direnean, eta baita eskolatik kanpo irteeraren bat egiten dutenean ere. Idatzi batean jaso dituzte beren kezkak eta eskaerak, eta beste eskoletako gurasoen atxikimenduak biltzeari ekin diote.

Ostiralean abiatu zuten sinadura bilketa, eta egun gutxian oihartzun handia lortu du gurasoen ekinaldiak: Gasteizko zenbait ikastetxetako gurasoen babesa ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste eskola batzuetako atxikimenduak ere biltzen hasi dira. Abendañoko guraso taldeak BERRIAri adierazi dio aldarrikapenak lorturiko zabalpenak islatzen duela gizartean«kezka eta ezinegona» badirela izurria hesitzeko harturiko neurriek umeengan dituzten ondorioen inguruan. «Gure seme-alabak garapen prozesu sakon batean daude murgilduta, eta egoera honen guztiaren alde gogorrena pairatzen ari dira».

Idazkian ohartarazi dute ez direla «bateragarriak» maskararen erabilerari buruz eskoletan ezarria dagoen protokoloa eta eremu publikoetan dagoen araudia, eta biztanleriaren gehiengo zabal bat txertatua egonda Hezkuntza Sailak malgutu beharko lituzkeela maskarari loturiko zenbait neurri.

Gaiaren inguruan «eztabaida» bat sortzea da haien asmoa. Gogora ekarri dute OME Osasunaren Mundu Erakundeak ez duela aholkatzen maskara erabiltzea ariketa fisikoa egiten den bitartean, eta herrialde ugaritan ikasleak maskararik gabe doazela eskolara. «Ipar Euskal Herrian ere aurki maskara ez da izango derrigorrezkoa Lehen Hezkuntzan intzidentzia tasa 50etik behera duten departamenduetan», oroitu dutenez. Nabarmendu dute euren seme-alaben «osasun integrala» zaindu nahi dutela, eta Hezkuntza Sailari «lehenbailehen» neurria arintzeko deia egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.