Nafarroako Arartekoak dio premia dutenei «estortsioa» egiten dietela erroldatzean

Nafarroako Arartekoak 2022ko txostena aurkeztu du parlamentuan. Ohartarazi du etxebizitza sozialen «premia gorria» dagoela

Txostena aurkezteko agerraldia, atzo, Iruñean. JESUS DIGES / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
3.575 esku hartze —horietatik 1.648, kexak—; 1.829 kontsulta, ofiziozko hemeretzi jarduera, hobetzeko hamar proposamen eta hamazazpi bitartekaritza espediente. Horixe da Nafarroako Arartekoaren 2022ko txostenetik egin daitekeen laburpena. Atzo aurkeztu zuen Patxi Vera arartekoak, Nafarroako Parlamentuan. Datuak ematearekin bat, ohartarazpenak ere egin zituen: esan zuen alokairu sozialeko etxebizitzen «premia gorria» dagoela eta «estortsio kasu larriak» antzeman dituztela pertsonak erroldatzeko garaian.

2022an Nafarroako 27 gizarte erakunderekin egindako bileretatik atera ditu ondorio horiek. Haren esanetan, «arazo oso larriak eta garrantzitsuak» hauteman ditu bilkuretan. Nagusietako bat etxebizitza sozialen falta da: «Pertsonak ditugu zubipean eta abandonatutako etxabeetan bizitzen, horrek dakarren guztiarekin».

Gainera, erroldaren auziaz ere aritu da. Haren esanetan, errolda da edozein laguntza eskatzeko giltza, baina ez dago herritar guztien esku: «Erakunde hauen arabera, egun, zenbait herritan erroldatzeko zailtasunak daude, eta litekeena da horrek estortsio kasu larriak gertatzea erraztea». Adibide batzuk eman ditu: ehunka euro kobratzea maizter bat erroldatzeagatik; errentan etxe bat duen norbaitek beste bat ez erroldatu nahi izatea, ezin diolako etxea beste inori alokatu... Halaber, «bereziki larria» iruditu zaio zenbait pertsona ez direla ausartzen kexa bat jartzera, «errepresaliak» jasan ditzaketelako. «Horrelako kasuren baten berri izango bagenu, defentsa zorrotza egingo genuke».

Kexak eta zalantzak

Orotara, 9.601 pertsonak —6.114 emakumek eta 3.487 gizonek— jo zuten iaz Nafarroako Arartekoarengana, kexak eta zalantzak adierazteko nahiz proposamenak egiteko. Kexarik gehienak (349) hezkuntzari lotutakoak izan ziren. Horietako 237 «blokean» aurkeztu zituzten, haur eskoletako grebari lotuta. Gainerakoen arrazoiak, hauek, besteak beste: hezkuntza behar bereziak dituzten haurrei arretarik ez jartzea; eskola ordutegia; garraio eta jangela zerbitzuak; eskola batzuetako batxilergoko notak; eta eskola jazarpena. Hezkuntzaren atzetik, hurrengo kexa iturri nagusia lanpostu publiko baterako sarbidea izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.