Koronabirusa

Gaitza zuten hamalau lagun hil dira aurreko astean Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Transmisioaren barealdi betean, birusarekin loturiko heriotzen gaineko datuak ere onbidean direla erakusten du azken asteotako bilakaerak. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, ekainaren 7tik 13ra artean gutxienez hamalau pertsona zendu dira gaitzarekin Hego Euskal Herrian; horiek guztiak Araba, Bizkai edo Gipuzkoan hildakoak dira; izan ere, Nafarroan ez da izan birusarekin lotutako heriotzarik. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko kopuruari dagokionez, datua izurritearen bigarren olatukoen parekoa da: abuztuaren erdialdean izan zen, azkenekoz, kopuru hori baino apalagoa.

Bestalde, transmisioari so, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 9.133 proba egin zituzten asteartean COVID-19a atzemateko, eta horien %3k eman zuten positibo: 208 kutsatu zenbatu zituzten. Lurraldeka, Bizkaian 89 detektatu ziren; Nafarroan, 62; Gipuzkoan, 35, eta Araban hogei.

Ospitaleen presioak ere beheranzko joeran segitzen du. Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuen arabera, guztira 168 paziente dira osasun zentroetan sartuta. Horietako 63 ZIU zainketa intentsiboetan daude. Herenegun 23 lagun ospitaleratu zituzten; denak Osakidetzaren ardurapeko zentroetan. Nafarroan ez zen inor erietxeratu birusarekin.

Txertaketa kanpainaren bidez COVID-19ari kontra egiteko prozesuan, urrats ugari egin dira azken asteotan, eta, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian jadanik 1.402.199 pertsonak jaso dute txertoren bat. Portzentajetan, biztanleen %49 ziztatu dituzte; ia erdia, alegia. Gainera, 911.735 lagunek pauta osoa hartu dute; herritarren %32k, alegia.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du dagoeneko hasi dela txertatzeko ordua ematen mendekotasun handia duten 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak zehaztu du 252 gazteri eginen dietela dei Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.