2017an gehiago hazi ziren emakumeen soldatak gizonezkoenak baino

Soldata arrakala, ordea, ez da txikitu azken hamar urteetan: Nafarroan, batez beste, emakumeen sariak gizonenen %73,7 dira, eta EAEn, %76,4

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala pixka bat txikitu zen 2017. urtean. INEren arabera, urte horretan ia puntu bat gehiago handitu ziren emakumeen batez besteko soldatak gizonezkoenak baino. Arrakala, ordea, oso handia da: emakumeek, batez beste, gizonek baino 7.450 euro gutxiago irabazten dituzte urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 7.800 gutxiago Nafarroan.

INEk dioenez, urteko soldata gordina 26.330 eurokoa izan zen urte horretan Nafarroan: 2016an baino %3,4 gehiago. Are handiagoa da beste hiru lurraldeetan (28.205 euro), baino ez zen hainbeste hazi (+%2,6).

Batezbestekotik gora nabarmen daude gizonezkoen soldatak: 29.700 euro dira Nafarroan, eta 31.620 euro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eremu batean zein bestean %2 handitu ziren gizonezkoen soldatak, baina hortik gora hazi ziren emakumeenak: %4,5 Nafarroan, eta %3,1 EAEn.

Ondorioz, puntu portzentual bat jaitsi da soldata arrakala. Horrela, Nafarroan emakumeak gizonen %72 jasotzetik %73,7 jasotzera igaro dira; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %75,5etik %76,4ra.

Edonola ere, datuek diote azken hamarkadan ez dela arlo horretan aurrerapauso handirik izan. Are gehiago, atzera egin du, segur aski ordurako sortutako lanpostu asko zerbitzuetakoak direlako, lanaldi erdikoak haietako asko, eta horietan emakumeak nagusi dira. Horren ondorio izan daiteke 2008an emakumeen soldata gizonen %77 zela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain baino puntu erdi gehiago. Nafarroan, berriz, urratsa oso txikia da, 2008an %72,1 baitzen.

Batezbestekotik behera

Batez besteko soldatatik beherako soldata dute herritar gehienek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, landunak kide berdineko hamar taldetan banatuz gero, erdiko tarteko soldata 25.584 eurokoa izango litzateke, hau da, batez besteko soldata baino 3.700 euro gutxiago.

Alde hori gertatzen da solda gutxi batzuk oso handiak direlako, eta batez besteko saria asko puzten duelako. Horrela, gehien irabazten duten %10en batez besteko soldata ia 43.800 eurokoa da Nafarroan, eta 46.950 eurokoa beste hiru lurraldeetan. Lau aldiz gutxiago sakelaratzen dute gutxien irabazten duten %10ek: 10.060 euro Nafarroan, eta 10.125 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Tarte hori pixka bat txikitu zen 2017an —Nafarroan, adibidez, %7 handitu zen behekoen saria, eta %1 goikoena—, baina ez du hautsi joera historikoa, handitzearena. EAEn, goikoen soldata behekoenen halako 4,2 zen 2008an, eta halako 4,6 izan zen 2017an.

Sektoreei erreparatuz gero, industriak ordaintzen ditu soldatarik onenak: 33.220 euro EAEn, eta 30.780 euro Nafarroan. Antzeko soldatak dituzte eraikuntzan eta zerbitzuetan: 26.500 inguru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta24.000tik gora Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.