Ehun migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu da Libiako kostan

60 iheslari erreskatatu dituzte, baina 40 desagertuta daude. 'Eleonora' ontziak ez du nora joanik

Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Mediterraneoko isuriak ez du etenik. Erreskate ontziak migratzaileak jasotzen ari dira Libiako kostatik, bata bestearen atzetik. Atzo, ordea, txalupa batean zihoazen ehun migratzaile inguruk ez zuten horretarako aukerarik izan. Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuak eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eman zuten ezbeharraren berri: Libiako kostazainek ontzi baten hondakinak aurkitu zituzten, eta ehun pertsona inguru detektatu; horietako asko ito egin ziren. UNHCRk adierazi zuen 60 errefuxiaturi lagundu zietela Al-Khomsen lehorreratzen, eta, gorpu batzuk errekuperatu zituzten arren, 40 pertsona inguru desagertuta zeudela.

Marokoko, Sudango eta Somaliako zenbait iheslariren gorpuak jaso dituzte itsasotik, Ayub Qassem Libiako kostazainen bozeramailearen arabera. UNHCRk adierazi du Sudangoak direla lehorrera eraman dituzten gehienak, eta badela Egiptoko, Marokoko eta Tunisiako jendea ere.

Ohikoa da migratzailez leporaino beteta, Italiarako asmotan diren eta nabigatzeko gai ez diren ontziak Libiako uretan hondoratzea. Joan den astean, ehun pertsona baino gehiago hil ziren hala; uztailean, ontzi batean zihoazen 250 errefuxiatu hil ziren.

Dena dela, migratzaile asko erreskatatu egiten dituzte. Urtea hasi zenetik, Libiako kostazainek 5.400 iheslari inguru erreskatatu dituzte, UNHCR-ren esanetan. Beste askok betetzen dute helburua, Afrika iparraldetik Europara iristea. Italiako Barne Ministerioaren zenbakiek diote aurten 4.862 migratzaile lehorreratu direla han.

Hain zuzen, Barne Ministerio horrek berak jartzen dizkie porturatzeko traba gehien GKE gobernuz kanpoko erakundeen erreskate ontziei. Matteo Salvini Barne ministroak atzo bertan sinatu zuen beste debeku bat: Italiako uretatik kanpo utzi du Alemaniako Mission Lifeline GKEaren Eleonore ontzia, ehun migratzaile daramatzala.

Mission Lifelinek jakinarazi zuen Libiako kostazainek eskifaia «mehatxatu» zutela, eta ontzitik 50 metrora hurbildu zirela. Migratzaileek uste zuten atzera Libiara eramango zituztela, eta urduritu egin zituen kostazainen mugimenduak.

Italia eta Malta, oztopo

Italiak bakarrik ez; Maltak ere zailtasunak jarri dizkio GKEari. Claus-Peter Reisch Eleonora ontziko kapitainaren hitzetan, herrialdeak ukatu egin die «ur eta janari hornidura». GKEak gobernuari eskatu zion merkataritza ontzi batek gaur goizean eraman zezala hornidura; «ohiko prozedura» da, Martin Ernst misioburuaren hitzetan. Reischek adierazi zuen «antza denez gosez eta egarriz hil daitezen» nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.