Gasteizko Udalak 'Martxoak 8' izena jarri dio Juan Carlos I.aren hiribideari

Askatasunaren alde diharduten andrazkoak omendu ditu. Urtaranek aurrez adierazia zuen kaleak ez zuela merezi «jaun ustel baten» izena

Martxoak 8 izena du Salburua auzoko etorbideak. RAUL BOGAJO / FOKU.
joxerra senar
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gasteizko hiribide nagusietako bati izena aldatu diote. Atzo, udalak Juan Carlos I.a izena kendu eta Martxoak 8 izena jarri zion Salburua auzoko etorbide nagusietako bati. Dekretu bidez ezarri zuen izen aldaketa Gorka Urtaranen udal gobernuak, eta Twitterreko bere kontuan eman zuen haren berri alkateak berak: «Askatasun eta berdintasunaren alde lan egin eta lan egiten duten emakume guztiak omentzeko, berdintasunaren alde, Gasteizen alde».

Udalbatzak adierazi duenez, «hiri batek pertsona bati egin diezaiokeen aitorpenik handienetako bat da bere kale, plaza edo espazio publikoko beste edozein tokiri norbait horren izena ematea», eta pertsona hori «pertsona eredugarri gisa» ikusi ohi da. Baina udalak «zalantzan» jartzen du errege emerituaren eredugarritasuna, eta, ondorioz, haren izena duen kalea beste modu batera izendatzea proposatu du.

Urtaranek adierazi duenez, «Gasteizko emakume askok merezi dute aitorpen hori», gizartea hobetzen laguntzeagatik. Alkateak gaineratu du «aurrerabidearen eta ongizate komunaren alde hainbeste ekarpen egin duten emakumeen izena duten kaleak eta plazak merezi» dituela hiriak.

Egoera berezian dator izen aldaketa: Espainiako errege emerituaren irregulartasunen berri zabaltzen ari da egunotan. Urtaranek berak martxoan iragarri zuen ez zuela gustuko hiriko etorbide handienetako batek «jaun ustel baten izena» izatea. Halaber, iragan ekainaren 19an, udalbatzak aho batez onartu zuen Arabako hiriburuko kale izendegia aldatu beharra zegoela, «emakumeen presentzia handiagoa» bermatuz. Gasteizko Mugimendu Feministak, albistearen harira, mezu bat zabaldu du sare sozialetan: «zuriketa morerik» ez dute onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.