Etxerat: «Zerbait mugitzen ari da, baina ez beharko lukeen bezainbeste»

Estremerako, Sevillako eta Kordobako euskal presoak bakartze moduluetatik atera dituzte

Euskal presoen alde irailean egindako protesta bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Aldaketa batzuk bai, baina ez «nahikoa». Horixe ari da gertatzen Espainiako Estatuko kartzeletan, Etxerat euskal presoen senideen elkartearen ustez. «Hain urrun ez dauden espetxeetarako lekualdatzeen ildotik, bakartze moduluen anakronismoa eta espetxeen barruko sakabanatzea ere arintzen hasi dira», adierazi du elkarteak. Izan ere, presoen hurbiltzeez gain, bertze hainbat aldaketaren berri eman du: Estremerako, Sevillako eta Kordobako kartzeletan, erraterako, euskal presoak bakartze moduluetatik atera dituzte. Bertze aldaketa bat ere gertatu daA Laman eta Jaenen: euskal preso guztiak modulu berean elkartu dituzte —ezberdinetan zeuden lehen—. Gauza bera egin dute Sevillan eta Puerto III espetxean, baina ez erabat: Sevillan preso bat bakarrik utzi dute, eta Puerto IIIn bertze bat.

Aldaketen ondoan, ordea, oraindik ere berdin segitzen duen aldea dago. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak nabarmendu duenez, izan ere, «beti dago nahiz eta bat»: Huelvan eta Soto del Realen, erraterako, bakartze moduluetan dauzkate oraindik euskal presoak; Estremerakoak, Kordobakoak eta Sevillakoak bakartze modulutik atera arren oraindik lehen graduan dituzte; eta espetxe anitzetan ez daude preso guztiak modulu berean: Puerto Ien, Granadan, Murtzia IIn, Villenan, Castello I eta IIn, Zueran, Soto del Realen, Dueñasen eta Mansillan gertatzen da hori.

Etxerat-ek gogoratu du, halaber, emakume preso askok «urteak» daramatzatela bakarrik espetxeetan, «kiderik gabe». Egoera hori «bereziki luzatzen» ari da Algecirasen, Almerian, Huelvan, Kordoban, Granadan eta Teixeiron, Errazkinen arabera. Hainbatgizonezko ere egoera horretan daude, salatu duenez:zehazki Caceresen, Badajozen, Valdemoron, Foncalenten, Teruelen eta Ocaña I espetxean. Murtzia Ien ere «laster» gertatuko da hori, Etxerat-en arabera.

Elkartearen ustez, hortaz, espetxeetan «zerbait mugitzen ari da, baina ez behar lukeen bezainbeste, ezta behar den ausardiarekin ere». Errazkinek nabarmendu du «tentu handiz» ari direla baloratzen aldaketok: «Espero dezagun bide baten hasiera izatea, baina kontu handiz ari gara. Gero, bestela, ilusioa frustrazio bihurtzen da». Eskatu du presoak «lehenbailehen» Euskal Herriratzeko, eta «erdibideko urratsetan» ez gelditzeko: «Urruntzea amaitzeko garaia da; ez da distantzia erdira edo herenera hurbiltzeko garaia, Zaballara eramateko garaia baizik; 33 urteko zigor eta sufrimendu jarraitua amaitzeko garaia da».

Bisiten «ziurgabetasuna»

Asteburuaren atarian, «urduritasuna eta ziurgabetasuna» nabarmendu ditu Errazkinek. Izan ere, koronabirusaren ondorioz harturiko neurriekin are gehiago gogortu zaie senideei egoera, mugikortasuna mugatuta. Errazkinek nabarmendu du Euskal Herritik hurbilago dauden presoei «berdin-berdin» eragiten diela horrek: «Lehendik sufrimendua sortzen bazuen urrunketak, orain are eta gehiago sortzen du, eta gertuago egoteak, nahiz eta istripuetako arriskua murriztu, ziurgabetasuna ez digu kentzen: bidaiatu ahal izango dugun, bisita egin ahal izango dugun, isun bat jasoko dugun… Sorian edo Algecirasen egonda, berdin da orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.