Gehiengoa sendotuz

EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu du aurrekontu proiektua Espainiako Kongresuak. Jeltzaleentzat, «abiapuntu bat» da

Pedro Sanchez, Carmen Calvo eta Pablo Iglesias, Maria Jesus Montero (behean) zoriontzen, atzo, Espainiako Kongresuan. Aurrekontuen bozketak amaituta, Espainiako Ogasun ministroak txalo zaparrada jaso zuen. MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Guztira 11 indar politikok babestu dute, azkenean, Espainiako Gobernuaren 2021erako aurrekontu proiektua, eta horien artean daude EAJ —sei diputatu—eta EH Bildu —bost diputatu—. Jeltzaleek beste batzuetan ere lagundu izan dute Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzen; koalizio subiranistak, aldiz, estreinakoz eman die oniritzia. Espainiako Kongresuan onartu zituzten, atzo, sailka, eta bozketa gehienetan aldeko 188 boto jaso zituzten aurrekontuek. PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuaren proposamenak nahikoa zuen gehiengo soilarekin, baina, gehiengo osoa aise gaindituta lortu du, botoen %54 pilatuta —350 diputatu ditu ganberak—. Eta gehiengo hori sendotu du, joan den urtarrilean Pedro Sanchez presidente inbestitu zutenean baino 21 boto gehiago bildu baititu aurrekontuen bozketetan. PSOEk, UPk, EAJk, ERCk, EH Bilduk, PDeCATek, Compromisek, Mas Paisek, Nueva Canariasek eta PRC Kantabriako alderdi erregionalistak bozkatu dute alde.

Azken lau egunetan aurrekontu proiektuaz eztabaidatu dute Kongresuan, eta behe ganberan proiektuari hainbat zuzenketa partzial egiteko azken aukera izan da. Zuzenketa horiei gehitu behar zaizkie, gainera, joan den astean aurrekontuen batzordearen tramitean jarritakoak. EAJk 85 zuzenketa erregistratu zituen orduan, eta, jeltzaleen esanetan, gutxi gorabehera horien erdiak onartu ditu gobernuak.

Idoia Sagastizabal diputatu jeltzalea mintzatu zen atzo Kongresuan, eta nabarmendu zuen aurrekontu berriak izatea «ezinbestekoa» dela. Izan ere, aintzat hartu behar da oraindik ere indarrean daudenak 2018koak direla, PP agintean zegoen garaikoak, eta azken bi urteetan luzatu egin behar izan dituztela. Sagastizabalentzat, testuinguru ekonomikoa eta soziala «zaila» izanik, EAJk jarrera «proposatzailea» erakutsi eta «erantzukizun ariketa bat» egin du aurrekontuak babestuta.

EAJk EB Europako Batasunaren diru funtsean dauka jarrita begirada, eta Sagastizabalek adierazi zuen atzo «oso gertutik» aztertuko dutela Espainiari dagozkion «27.000 milioi euroen izapidetzea eta esleipena», iruditzen baitzaio diru hori izango dela aldaketa ekonomikorako «palanka nagusia». Aurrekontuak onartu izana «abiapuntu bat» da, Sagastizabalen esanetan, baina EBko funtsa da aurrekontu «egiazki eraldatzailea».

Urte berriarekin

Urte berriarekin batera,aurrekontuak indarrean sartzea du helburu gobernuak. Kongresuko tramitazioa bukatuta, proiektua Senatura bidaliko dute. Hilaren 22rako eta 23rako goi ganberan aurreikusitako osoko bilkuran onartuko dute proiektua, okerrik ezean. Kongresura itzuliko da atzera, eta gobernuaren asmoa da hilaren 29an behin betiko onartzea.

Atzoko osoko bilkura bukatu zenean, Sanchezek mezu bat argitaratu zuen Twitterren, aurrekontuak aurrera ateratzen «lagundu» dutenei «eskerrak» emanez. Carmen Calvo lehen presidenteordearentzat, aurrekontuek «egonkortasuna» bermatuko dute, eta «pozik» zegoen jaso duten babesarengatik. Sare sozial horixe aukeratu zuen Pablo Iglesiasek ere bere iritzia plazaratzeko, eta esateko Espainiak «behingoz» badituela «jendearen zerbitzura» dauden aurrekontu batzuk. Eskuinari eusteko, inbestidurako blokea egonkortzera deitu zuen herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.