Nafarroako ekonomia %2,6 handitu zen iaz, motelaldia nabaritu arren

Elma Saizek, 2020rako %2,2ko hazkundea iragarri badu ere, uste du «inflexio urtea» izango dela

joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Espero ziren zenbatekoetatik oso hurbil itxi du iazko urtea Nafarroako ekonomiak, %2,6ko hazkundearekin. Hazkunde mardula da oraindik, %2tik gorakoa den heinean, baina, gainerako euskal lurraldeen modu berean, motelaldia nabaritu du. Alde batetik, 2018aniritsitako %3,2ko igoera baino sei hamarren txikiagoa izan zen iazko hazkundea. Bestetik, iragan urte osoan balaztari sakatu zion, eta ageriago egin zen moteltzea azken hiruhilekoan, urritik abendura %0,2 besterik ez baitzen igo barne produktu gordina. 2020ari begira, Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak %2,2ko hazkundea iragarri du, baina, nazioarteko testuinguruak lagunduz gero, datua hobetu daitekeela zehaztu du.

Iazko BPGaren lehen datuak aurreratu zituen atzo Saizek, iragan astean Eusko Jaurlaritzak egin bezala —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,2 hazi zen iragan urtean, eta azken hiruhilekoan, berriz, %0,4—. Saizek garrantzia kendu nahi izan zion urritik abendura jarduera ekonomikoaren moteldu izanari, eta «esanguratsua» iruditu zitzaion urtebeteko datua: Espainiako BPGak izandako %2 igoerarekin alderatu zuen, baita Alemaniako ekonomiaren %0,5eko gorakadarekin eta Frantziakoaren %1,3koarekin ere. Alarmismo oro uxatu nahi izan zuen, halaber: «Jarduera egonkortu ahala, urrundu egin da mundu mailako atzeraldi baten arriskua, eta aditzera ematen du azken urteetan baino leunago haziko dela ekonomia».

2013ko udan hasitako hazkunde zikloaren motorra kontsumo pribatua izan da, eta uneotan batik bat sendien gastua ahultzen ari da. Atzo aurreratutako datuetan, ez zen jaso sektore pribatuaren jokabidearen datu zehatzik, baina, zeharka, beste adierazle batzuek joera hori islatzen dute, Saizen aburuz: «Udatik hona familien konfiantza adierazleek okerrera egin dute, hala adierazten baitute txikizkako merkataritzaren eta etxebizitza salerosketen tasa negatiboek». Halaber, urtebetean auto salmentek %5,2 egin dute behera.

Sektoreka, industriaren bilakaera positiboaren adierazleak izan zituen mintzagai kontseilariak: industria ekoizpenak %25,2ko hazkunde ikusgarria izan zuen urritik azarora, batik bat metalurgiaren eta garraio materialen jarduerak bultzatuta. Esportazioek ere %6,3ko hazkundea izan zuten. Zerbitzuen sektorearen eta eraikuntzaren hazkunde erritmoak, berriz, «leunagoak» izan ziren. Enpleguari dagokionez, Nafarroan Gizarte Segurantzak aurreko urtean baino 7.500 afiliatu gehiagorekin itxi zuen urtea. Langabezia %9tik behera kokatu zen iragan urtearen amaieran.

Saizen arabera, 2020ari begira, analista guztiak bat datoz «inflexio urtea» izan daitekeela eta datuek hobera egin dezaketela. Alabaina, zuhur jokatu nahi izan zuen, bat-bateko edozein gertaerak baikortasuna zapuztu baitezakete; adibidez, Txinako koronabirusak burtsan eta petrolioaren prezioan eragin du jada. Nazioarteko tentsioa baretu izanak lagundu egin dezake, Saizen arabera. Horregatik, albiste ontzat jo zuen urtarrilaren 15ean AEBek eta Txinak akordioa izenpetu izana. Dena den, ohartarazi zuenez, akordio horrek kalte egin diezaioke Nafarroako elikagai industriari;Donald Trumpek EBko altzairuari eta burdinari ezarritako muga zergek txikitu egin dituzte esportazioak.

Bilketa %7 handitu da

Datu makroekonomikoek uste baino emaitza hobea izan zuten iazko zerga bilketan, eta Nafarroako Gobernuak berak 2019 hasieran aurrekontuetan jasotako helburua hobetu du, hiru puntu. Berez, iaz 3.941,1 milioi euro bildu zituen ogasunak, 2018an baino 458,2 milioi gehiago. Hala ere, igoera hori ez da erreala, diru bilketaren eta zergen itzulketen egutegia aldatu zelako. Eragin hori alboratuz gero, diru sarrerak %7 igo ziren iaz. Nafarroako Ogasunak 2.807 milioi bildu zituen, eta beste 1.133,8 milioi zeharkako zergetan estatuarekin hitzartutako doikuntzen bidez etorri ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.