Putinentzat, aurrerapausoak eman dira Ukrainako zereala esportatzeko negoziazioetan

Iranek, Turkiak eta Errusiak Siriaz hitz egin dute Teheranen, eta Khameneik esan dio Erdogani «kaltegarria» litzatekeela iparraldean eraso bat hastea

TURKISH PRESIDENT PRESS OFFICE H / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Vladimir Putinen arabera, aurrerapausoak eman dira Ukrainako zereala berriro Itsaso Beltzetik merkaturatzeko negoziazioetan. Hori azpimarratu zuen Errusiako presidenteak atzo, Teheranen, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin izandako bileran. Errusiako berri agentziek kaleratu zutenez, ohartarazi zuen, ordea, negoziazioekin loturiko auzi batzuk «konpontzeko» daudela.

Ukrainako gerra hasi zenetik Errusiaren blokeoaren ondorioz Ukrainako portuetan 22 milioi tona zereal daude pilatuta, eta hori elikagai krisi bat eragiten ari da. Blokeo hori kentzeko eta Itsaso Beltzean korridoreak ahalbidetzeko, Errusiak eta Ukrainak aurrez aurreko bilera bat egin zuten lehengo astean Istanbulen, NBE Nazio Batuen Erakundearen begirale talde batekin batera. Ankarak herenegun adierazi zuenez,asteon «ziurrenik» beste bilera bat egingo dute.

Kremlineko burua Irango hiriburuan izan zen atzo, Errusiak, Turkiak eta Iranek Siriako gerrari buruzko bilera bat egin zutelako; hiru herrialdeek Astanako elkarrizketen markoan egindako zazpigarrena, hain justu. Putinek esan zien Erdogani eta Ebrahim Raisi Irango presidenteari hiru herrialdeek segitu behar dutela Sirian «bake egonkor bat» hauspotzeko prozesua gidatzen—Errusian egingo dute hurrengo batzarra—. Siriaren subiranotasuna aldarrikatu zuen Kremlineko ugazabak, eta, «AEBak buru dituela», Mendebaldeak Ekialde Hurbileko herrialde horrekiko duten «politika suntsitzailea» salatu zuen.

Joan den otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik Putinek Sobietar Batasun ohitik kanpo egindako lehendabiziko bidaia ofiziala izan zen atzokoa —ekainean Tajikistanen eta Turkmenistanen egon zen—, eta heldu da, hain zuzen, Joe Biden AEBetako presidentea Ekialdeko Hurbilean egon eta egun batzuetara. Mendebaldeak ezarritako zigorrengatik, Moskuk harremanak sendotu nahi ditu Txinarekin, Indiarekin, baita Iranekin ere.

Teheranen aldebiko bilerak ere egin zituzten agintariek. Ali Khamenei Irango lider gorenak adierazi zion Erdogani Siria iparraldean egin nahi duen operazioa «kaltegarria» izango litzatekeela eskualdeko herrialde guztientzat, eta «terroristei» egingo liekeela mesede. Nabarmendu zuen, bide batez, «terroristak» ez direla «talde jakin bakar batera» mugatzen. Beraz, «Siriako arazoak» negoziatuz konpontzera deitu ditu Errusia, Turkia eta Siria.

Izan ere, Turkiako presidenteak duela hilabete pasa jakinarazi zuen Sirian beste operazio militar bat berehala egitekoa dela Turkiako armada, eta «terroristak garbitzea» duela helburu; hau da, kurduen YPG Herriaren Babes Unitateak miliziak handik kanporatzea. Baxar al-Assad Siriako presidentearen kontra dauden miliziekin batera Ankarak eremu horretan azkeneko bost urteotan egindako laugarren esku hartze militarra litzateke.

Aintzat hartu behar da Errusia eta Iran direla Al-Assad presidentearen aliatu indartsuenak, eta Turkiak, aldiz, Damaskoren kontrako miliziak babesten dituela.

Lankidetza areagotuz

Errusiaren eta Iranen arteko harremanei dagokienez, Putin eta Raisi batzartu ondoren Errusiako berri agentziek kaleratu zuten Kremlineko buruak adierazi zuela bi herrialdeen arteko lankidetza areagotzen ari dela «nazioarteko segurtasunaren alorrean». Mehr Irango berri agentziaren arabera, Raisik esan zuen lankidetza horrek ahalbidetu duela eskualdeko segurtasuna handitzea. Horrekin lotuta, Etxe Zuriak uste du Moskuren asmoa dela Teherani drone militarrak erostea.

Energiaren alorrean ere harremanak sendotzera jo dute bi herrialdeek; izan ere, Irango Petrolio Konpainia Nazionalak eta Gazpromek, Errusiako gas esportatzaileak, 39.000 milioi euroko balioa duen elkarlanerako akordio bat sinatu zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.