Tapia: «Berriztagarriak instalatzeko tramiteak arindu egin behar dira»

2030erako Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak erabiltzen duten argindarraren %20 berdea izan daitekeela uste du, egitasmo guztiak gauzatzen badira

Arantxa Tapia, Bilboko Merkataritza Ganberako areto nagusian, atzo. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Herri itun bat behar dugu energia berriztagarriak sortzeko azpiegituren tramiteak arintzeko». Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak eskaera hori egin zuen atzo Bilboko Merkataritza Ganberan emaniko hitzaldian. Euskal ekonomiaren egungo eta etorkizuneko erronkak izenburupean, azaldu zuen administrazioarekin eta ingurumenarekin zerikusia duten tramiteak oso motelak direla, eta haiek bizkortzeko ahalegin kolektiboa beharko litzakeela, «lehentasunezko» izendatuz.

Jaurlaritzak, izan ere, helburu bat jarria dio bere buruari: 2030erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitzen den argindarraren %20 berriztagarria izatea —egun %8 da—, eta Tapiaren ustez egingarria da: «Horretarako, egun ikertzen ari diren egitasmo pribatu eta publiko-pribatu guztiak lau urtean martxan jarri beharko lirateke. Hala eolikoak nola eguzkia baliatzen dutenak». Egungo epe administratiboekin ezinezkoa litzateke, egitasmo bakoitzak «lau edo bost» urte behar izaten dituelako baimen guztiak lortu eta lanekin hasteko.

Berriztagarriez gain, Tapiak beste gai batzuen inguruko hausnarketa egin zuen.

ERREGAI SINTETIKOAK
«Deskarbonizatzea ez da elektrifikatzea bakarrik»

Tapiak nabarmendu zuen tamaina guztietako energia berriztagarrien instalazioak behar direla, baina zehaztu zuen berriztagarriekin bakarrik ezingo direla lortu 2050. urterako helburuak. «Deskarbonizatzea elektrifikatzea baino zerbait gehiago da», zehaztu zuen.

Petrolio oinarria ez duten beste erregaien aukera nabarmendu zuen. Batez ere hidrogenoa, baina baita gasa, biogasa eta erregai sintetikoak ere. Baina horiek berriztagarriak al dira? «Isurtzen dugun eta harrapatzen dugun CO2aren arteko balantzeak zero izan behar du. Deskarbonizatzea neutraltasun karbonikora iristea da». Alde horretatik, hidrogenoaren erabileraren erronkak aipatu zituen: bilketa eta garraioa. «Gure gas hodiek zenbat biogas eta hidrogeno jasan dezaketen neurtu behar dugu».

FRACKINGA
«Eztabaida itxia»

Gasa beharrezkoa izango dela esan zuen, luzarorako gainera, trantsizio energia gisa. Egun, besteak beste, Aljeriatik, Errusiatik eta AEBetatik iristen da gas natural likidotua Euskal Herrira. AEBetan fracking bidez lortzen dute, eta egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alboratuta dago erauzte teknika hori. Tapiak onartu zuen «kontraesana» dela, eta horrela gasa «askoz garestiago» lortzen dela. Dena den, argi utzi zuen eztabaida hori «itxita» dagoela Euskal Herrian, euskal gizarteak hala erabaki zuelako.

HONDAKINEN KUDEAKETA
«Ezin dugu jarraitu zabortegiak erabiltzen»

Industria jardun jasangarria izateko, hondakinak kudeatu behar dira. Tapiaren ustez, «gure kontraesanak» azaleratzen dituen auzi bat da, eta honako galdera hau egin zuen: «Non jartzen ditugu planta horiek?». Azaldu zuen, besteak beste, altzairutegi hautsak, plastikoak eta lur kutsatuak kudeatu behar direla. Azken horien garrantzia azaldu zuen: «Lur gehiago artifizializatzea saihesteko, dagoeneko erabilita dauden orubeak garbitu behar ditugu. Lur kutsatuak nola tratatu ikusi behar dugu». Iragarri zuen Jaurlaritzak lur zikinak tratatzeko egitasmo bat duela esku artean.

EUROPAKO FUNTSAK
«Dagokiguna baino gutxiago jaso dugu»

Europako funtsei buruz hitz egitean izan zen kritikoen: «Dagokiguna baino diru gutxiago jaso dugu. Kupoarengatik dagokigun %6,24 baino gutxiago eta ekoizpen batezbestekoarengatik dagokigun %5 baino gutxiago». Nabarmendu zuen egitasmo pribatuek funtsak lortzeko dituzten arazoek arduratzen dutela.

Tapiaren ustez, auto elektrikoarena izan da merezitako kopurua jaso duen euskal proiektu bakarra, eta horrela ezinezkoa da funtsen eragina enpresa txiki eta ertainetara iristea. «Ez dute izan beharko luketen funtzio dinamizatzailea», salatu zuen, eta uste du Espainiak ezarri duen banatzeko modua dagoela oinarrian: «Ez dira banatu eraldaketa ahalmenaren arabera, kohesio geografikoaren izenean baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.