Albistea entzun

Bazka ugaritzeko eta ureztatzea hobetzeko neurriak adostu dituzte

Lehortea dela eta, Arabako Errioxa «muturreko» egoeran dago, eta Añana, egoera «oso zailean»
Araban gero eta lehorreko labore gehiago ereiten ari dira, ureztatzeko dituzten arazoak direla eta.
Araban gero eta lehorreko labore gehiago ereiten ari dira, ureztatzeko dituzten arazoak direla eta. OLATZ ARTOLA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 20 - Gasteiz

Lehorteak eta klima aldaketak lehen sektorean izan ditzakeen ondorioak aztertzeko bilera egin zuten atzo sektoreko ordezkariek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait erakundek. Eusko Jaurlaritza buru, lehenbiziko aldiz elkartu ziren eragile guztiak Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaian, gaur egungo egoeraren analisia egin eta beharrezko neurriak eztabaidatzeko. Izan ere, azken asteetako euriak egoera «apur bat» hobetu duen arren, prezipitazio kantitateak batezbestekoaren azpitik jarraitzen du urtebete pasatxoko epean, eta, ondorioz, nekazarien eta abeltzainen ekoizpena arriskuan egon daiteke.

Uraren Agentziak lehortearen inguruan egindako txostenaren arabera, Araban egoera «zaila» da zenbait eremutan, eta are gehiago «larriagotu» da urte eta erdikoarekin alderatuta. Arabako Errioxan, bereziki, «muturrekoa» da egoera, eta Añana hegoaldean, «oso zaila»: ur falta handiak eta tenperatura altuek kalte handia eragin diezaiokete zerealari, eta uztaren %40tik gora galduko dela uste dute.

Aldiz, maiatzeko euri urek zertxobait apaldu dute larritasuna Mendialdean eta Lautadan, eta ez dute galera esanguratsurik espero. Dena den, ur putzuak ez dira bete neguan, eta iazko lehortearen ostean behar baino hutsago daude. Ondorioz, aurrera begira ureztatzeko izan daitezkeen zailtasunak direla eta, lehorreko laboreak ere gero eta gehiago dira jada.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere ohi baino euri gutxiago egin du, eta, ondorioz, urteko belar ekoizpenaren erdia galtzeko arriskua dago. Lehen mozketa —urteko handiena— salbatu ahal izan dute, baina hurrengo hilabeteetan euririk egiten ez badu, arazoak izan daitezke udazkenean ganadua bazkatzeko. Izan ere, abeltzainek kanpotik ekarri beharko dute bazka, eta erosi ohi dituzten eskualdeetan egoera hemen baino «kritikoagoa» denez, prezioa nabarmen igoko dela espero da.

Neurriak prest

Kanpoan erositako bazkaren menpekotasuna txikitzeko eta laboreak ahalik eta modurik eraginkorrenean ureztatzeko beharra dagoela nabarmendu zuten ordezkariek, eta neurriak adostu zituzten horretarako. Bada, animalientzako bazka ekoizpena handitu egingo da, eta autokontsumoa sustatu. Uraren hornidura sarean hobekuntzak ere egingo dira ureztatze sistemak egokitzeko, eta ura modu arduratsuagoan erabiltzeko.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburuak adierazi zuen Jaurlaritza prest dagoela zuzeneko diru laguntzak emateko. Eta gogorarazi zuen iaz Ukrainako gerraren harira sortutako finantzaketa tresna erabiliko dutela horretarako. Dena den, azpimarratu zuen diru laguntzak «puntualak» izango direla.

Nekazariek bat egin zuten diagnostikoarekin, eta ontzat eman zituzten neurriak. Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko bozeramailearen hitzetan, halere, neurri «estrukturalak» behar dira «elikagai krisiari» aurre egiteko. Bada, ezinbestekotzat jo zuen kontsumitzaileak ez ezik merkatariak ere kontzientziatzea, bertako produktuak ekoizpen kostuaren arabera saldu ahal izateko. UAGAk, berriz, berehalako laguntzak galdegin zituen, ohar bidez egindako balorazio batean. Esan zuten arazoa «orain» dutela, galerak «handiak» direlako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÃÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.