Noiz sortua: 2020-02-12 00:30:00

Kartzela zigorrak beteta, aske dira Arantza Zulueta eta Jon Enparantza

Irailaren 30etik zeuden espetxean, '11/13 auzian' akordioa egin ondotik. Estremeran eduki dute preso Enparantza, eta Picassenten Zulueta
Arantza Zulueta, atzo, Picassenteko espetxetik atera berritan.
Arantza Zulueta, atzo, Picassenteko espetxetik atera berritan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko otsailak 12
Iazko irailaren 16an hasi eta bukatu zen 47 lagunen aurkako 11/13 auziko epaiketa, Madrilen, eta, bi aldeek akordio bat egin zutenez, 47 auzipetuetatik bik baino ez zuten espetxera joan behar izan: Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak. Espainiako Auzitegi Nazionalak haiei soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxe zigorra: Zuluetari, hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; eta Enparantzari, berriz, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Lehendik egonak ziren preso, behin-behinean, eta zigorra osatzeko joan behar izan zuten kartzelara. Irailaren 30ean sartu zituzten Zaballako espetxean (Araba), eta atzo utzi zituzten aske: Zulueta, goizean, eta Enparantza, eguerdian.

Euskal Herritik urrunduta

Espetxean sartu eta aste batzuetara, Madrilek urrundu egin zituen bi euskal presoak Zaballatik: urriaren amaieran, Enparantza Estremerako kartzelara eraman zuten (Madril), eta, azaroaren bigarren astean, Zulueta Picassentekora mugitu (Valentzia, Herrialde Katalanak). Enparantzaren familiak, gainera, «bahiketa» salatu zuen, senideak lau bat egunez egon zirelako presoaren berririk izan gabe. Zuluetaren abokatuak, berriz, eskatu zuen ez zezatela lekualda, baina Madrilek ez zien jaramonik egin.

Zulueta eta Enparantza libre geldituta, 246 euskal preso gelditzen dira kartzeletan. Horietatik 237 EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak dira. Hiru soilik daude Hego Euskal Herriko espetxeetan; 36 Frantziako Estatuan daude, eta 198, Espainian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna