Turkiak 22 urteko kartzela zigorra ezarri dio HDPko diputatu ohi Leyla Guveni

PKK alderdi kurduarekin lotura izatea egotzi diote politikari eta abokatu kurduari. HDPko kideen aurkako jazarpena gogortu egin du Turkiak

Manifestari bat Leyla Guven parlamentari ohiaren atxiloketaren aurka protestan, ekainean, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Turkiako Diyarbakir hiriko auzitegi batek Leyla Guven abokatu eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatu ohiaren aurkako epaia eman zuen atzo: 22 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten Guven, «talde terrorista bateko kide» izatea eta «propaganda zabaltzea» egotzita. PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura izatea leporatu zioten. Deklaratzera deituta zegoen politikari kurdua, atzo goizean, baina ez zen agertu auzitegira. Epaiarekin batera, hura berehala atxilotzeko eskatu du auzitegiak. Guvenen abokatuak, berriz, epaiari helegitea jarriko diola aurreratu du.

Parlamentaria eta abokatua izateaz gain, DTK Gizarte Demokratikoaren Biltzarreko —Ipar Kurdistango autonomiaren aldeko eragileak biltzen dituen plataforma— presidenteetako bat da Guven.

HDP alderdiak ez zion zilegitasunik aitortu epaiari. Twitter bidez zabaldutako mezu batean eman zuen alderdiak Guvenen aurkako erabakiaren berri: «Epai hau ez da soilik Guvenen eta DTKren [Gizarte Demokratikorako Alderdia] aurkakoa; kurdu guztien eta Turkiako oposizioaren kontrakoa da».

Oposizioko alderdiek ere gogor kritikatu zuten, eta Recep Tayyip Erdogan eta AKP alderdia egin zituzten erantzule. 2016ko estatu-kolpe saiakeraren osteko testuinguruan kokatu dute epaia gobernuaren aurkako alderdiek, eta salatu zuten disidentziaren aurkako oldarraldia gogortu egin dela ordutik hona. Horrez gain, gobernuak botere judiziala bere mesedetan erabiltzen duela salatu zuten, oposizioko politikariak atxilotuz.

Ez da politikari kurdua zigortzen duten lehen aldia. Iragan ekainean atxilotu zuten Guven, beste bi diputatu ohirekin batera: Musa Farisogullari HDPko diputatu ohia eta Enis Berberoglu CHP alderdi sozialdemokratakoa. Orduan ere talde terroristako kide izateagatik zigortu zuten Guven, eta sei urteko zigorra jarri zioten. Atxilotu eta lau egunera, fidantzapean aske utzi zuten, baina parlamentari kargua kendu zioten Guveni, harekin batera atxikitako beste bi politikariei bezala.

2018ko urtarrilean atxilotu zuten lehenengoz. Turkiako armada Siriako Kurdistango mendebaldean dagoen Afrin hirian egiten ari zen operazio militar baten aurkako adierazpenak egitea eta PKK-ko kide izatea egotzi zioten. Fiskaltzak ehun urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat. Urte horretako azaroan gose greba mugagabea hasi zuen Guvenek, Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagiaren bakartzea amaitu zezaten eskatzeko —1999tik preso eta bakartuta dauka Turkiak, Imrali irlako espetxe batean—, eta ondoren beste ehunka preso kurdu batuko zitzaizkion borrokaldiaren sustatzaile nagusietako bat izan zen. 2019ko urtarrilean, atxilotu eta urtebetera, libre utzi zuten Guven, haren osasun egoerak okerrera egin zuelako. 80 egun zeramatzan gose greban, eta osasunez larri zegoen, baina gose greban jarraitu zuen, espetxetik atera eta gero ere. Borrokaldi harekin bat egin zuten milaka preso kurduk, iazko martxoan. 2019ko maiatzean, gose greba amaitu zuen Guvenek.

HDP, jopuntuan

Turkiak, Europako Batasunak eta AEBek talde terroristatzat dute PKK, eta Turkiak milaka herritar atxilotzen ditu alderdi kurduarekin lotura dutela argudiotzat erabilita. HDP alderdiaren jarduna zigortzeko ere baliatu du argudio hori.

2019ko udal hauteskundeen ostean, bereziki gogortu zen alderdi horretako kideen aurkako jazarpena. 65 herritako alkatetzen jabe egin zen HDP, baina, egun, horietatik seiri soilik eusten die. Gainerakoetan, Erdoganen gobernuak tokiko agintariak atxilotu, eta haiek estatuko funtzionarioekin ordezkatu ditu. HDPko kideen aurkako Polizia operazio batean, alderdiko 30 kide atxilotu zituzten, iragan uztailean, Turkiako hego-ekialdean.

Irailean beste Polizia operazio handi bat agindu zuen Ankarako Fiskaltzak, eta 82 lagun atxilotu zituzten; tartean, HDPko goi kargudun eta alkate ugari. 2014an izandako protesta batzuen sustatzaile izateagatik atzeman zituzten; zehazki, EI Estatu Islamikoaren eta AKP alderdiaren harremana salatzeko izandako protestak gidatzeagatik, 2014an EIren tropak Kurdistango Kobane hiriko erdigunera sartu ostean.

HDPk iragan urrian jakinarazi zuen Turkiako Gobernuak 48 funtzionario izendatu dituela 2019ko udal hauteskundeetan hautatutako tokiko agintariak ordezkatzeko. Alderdiaren arabera, 38 alkate atxilotu dituzte, eta horietatik 18 espetxean daude oraindik. Alderdiko gazte batzordeko militanteak ere jopuntuan daudela salatu du alderdiak, eta atxiloketak eta torturak pairatu dituztela zenbaitek; Hatice Bü?ra Kuyun kideak, kasurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.