Bilbon gizon beltz bati egindako eraso arrazista salatu du SOS Arrazakeriak

Otsailaren 13an gertatu zen erasoa, Bilboko Errekalde auzoan. Gertakariak ikertzeko eta «zigorrik gabe ez uzteko» eskatu dute

Erredakzioa
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bizkaiko SOS Arrazakeriak gazte zuri batzuek gizon beltz bati egindako eraso arrazista salatu du ohar batean. Otsailaren 13an izan zen erasoa, Bilboko Errekalde auzoan. 52 urteko gizonezko beltz kolonbiar bat da biktima, eta salatu dute 20 eta 25 urte bitarteko sei gazte zurik jipoitu zutela. Erasoa ikertzeko eta «zigorrik gabe ez uzteko» eskatu dute.

Lagun bat bisitatzetik etxera bidean zihoala, gazte bat oldartu zitzaion, eta okindegi bateko erakusleihoaren kontra zokoratu zuen, lepotik helduta. «Biktima ihes egiten saiatu zen, eta erasotzailea 'lapurra!' oihukatzen hasi zen. Orduan, erasotzailearen lagunak agertu ziren, eta guztien artean jipoitu egin zuten», kontatu du SOS Arrazakeriak.

Biktimak ihes egitea lortu zuen, aurpegian eta gorputzean kolpe ugari jasota, baina erasotzaileetako batek atzetik harrapatu, kamiseta urratu, eta lurrera bota zuen. Espaloiko zutoin baten kontra erori zen, eta kolpe handia hartu zuen belaunean eta buruan. Handik gutxira, Udaltzaingoaren patruila bat agertu zen, eta anbulantzia bati deitu zion. Basurtuko ospitalera eraman zuten biktima.

SOS Arrazakeriak nabarmendu du 52 urteko gizonak jasandako «eraso bortitza» indarkeria arrazista dela, eta «argi eta garbi» erakusten duela bestelako arrazen ezaugarriak dituzten herritarrek jasaten duten «indarkeria iraunkorra eta egiturazko diskriminazioa». Halaber, ohartarazi du indarkeria arrazista ezin dela bereizi «iruditeria kolektiboan errotutako estereotipoak eraikitzeko dinamiketatik, aurreiritzietatik eta ekintza nahiz jarrera baztertzaileetatik». Gizarte osoak modu zabalean» partekatzen ditu fenomeno horiek taldearen iritziz.

SOS Arrazakeriak erran du horrelako jokabideak ezin direla «inolaz ere» onartu: «Irmotasunez gaitzesten ditugu, eta ikertzeko eta zigor barik ez uzteko eskatu nahi dugu». Era berean, elkartasun, babes eta laguntza osoa adierazi dizkie biktimari eta haren ingurukoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.