Aragones JxCren babesa falta duela aurkeztuko da gaur inbestidura saiora

CUPen militantziak baietz esan dio ERCrekin egindako itunari, baina «aski ez» dela zehaztuta. Puigdemonten alderdia abstenitu egingo da

ander perez zala
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Pere Aragones aldeko behar adina babes gabe aurkeztuko da, gaur, Kataluniako presidente bilakatzeko inbestidura saioko lehen bozketara. JxC Junts per Catalunyak atzo arratsaldean jakinarazi zuen alderdiko 32 diputatuak abstenitu egingo direla, eta, ondorioz, Aragonesek soilik CUPeko bederatzi diputatuen babesa izango du, bere alderdi ERC Esquerra Republicanakoenez gain. Arreta, hortaz, ERCk eta JxCk bata besteari esango diotenean egongo da, datorren asteartean egitekoak diren bigarren bozketaren arrakasta neurtzeko balioko baitu. 10:00etan hasiko da saioa.

Aragonesek inbestidura saioaren bezperan ziurtatu du CUPen babesa, horren militantziak herenegun hasi eta atzo goizean amaitu zen barne bozketan eman baitio baiezkoa ERCrekin egindako akordioari —botoen %59—, nahiz eta ohartarazi duen adosturikoa «nahikoa ez» dela, eta negoziazioek jarraitu egin beharko dutela.

Atzo, emaitzen berri ematerakoan, Eulalia Reguant diputatuakERCren presidentegaiari ohartarazi zion ituna ez dela «gobernukoa», eta oraindik asko dutela egiteko: «Akordiora batzeko erantzukizuna du, bere burua herrialdearen zerbitzura ezarri nahi badu».

JxCren azken erabakiaren berrri izan aurretik egin zituen adierazpenok Reguantek. Carles Puigdemonten alderdiak iluntzean jakinarazi zuen gaur, behintzat, ez dutela aldeko botorik emango. Eginahalak egin dituzte ERCK eta CUPek asteon, eta bilduta izan dira JxCko ordezkariekin. Bilera horien balantzea egin zuten oharrean: «Inolako legealdi akordiorik ezin izan dugu egin, ez baitugu gobernu eognkor bat bermatzeko hitzarmenik egin, Katalunia krisi sozial eta ekonomikotik aterako duena eta otsailaren 14ko mandatua betearaziko duena».

Horiek horrela, lehen bozketan 42 diputaturen babesa jasoko du Aragonesek, gaur beharrezkoak dituen 68etatik urrun —gehiengo osoa—; aurrera egiteko nahitaezkoak ditu JxCren 32 ordezkarien aldeko botoak, eta, hortaz, saiakera hutsa izango da.

ERC eta CUP azken unera arte aritu dira JxCri presio egiten, baina ez du amore eman, negoziazioetan jarraitu nahi baitu; azken egunetako gatazkak izan dira Errepublikaren Kontseiluak zer paper izango duen zehaztea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiarekin zer egin erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.