Garbitzaileak lan egitera behartu dituztela salatu dute sindikatuek

Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ostean, «arduraz»jokatuko dutela agindu dute

Aurreko ostegunean garbitzaileek manifestazio bateratua egin zuten Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Ez dugu bertan behera utzi greba: %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu dizkigute. Greba bost astekoa da, eta bigarrenean gaude, eta orain arte ez dugu biltzeko inolako proposamenik jaso ez enpresetatik eta ez EHUtik». ELA eta LAB sindikatuek horrela erantzun diote greban zeuden Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Euskal Herriko Unibertsitateko garbitzaileei bidalitako aginduari. Jaurlaritzak, koronabirus izurritea dela-eta, %100eko gutxieneko lan zerbitzuak ezarri dizkie, azpikontratatuak egon arren; alegia, langile guztiak deitu ditu lanaldi osoan lan egitera. Sindikatuek «gehieneko zerbitzuak» direla salatu dute, eta «haserre eta etsipenez» hartu dutela agindua, baina «arduraz» jokatuko dutela ziurtatu dute. «Ardura maila bera» eskatu diete negoziazioko beste hankei.

Maite Leizegi ELAko ordezkariak eta Itsasne Nuñez LABekoak, 50 bat grebalariren babesarekin, Lan Sailaren erabakia kritikatu zuten atzo, Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean. Salatu zuten beste langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen diela, baina azpikontrataturiko langileak ikasketa zentroetara joatera behartzen dituela, eta horrek garbi erakusten du «funtsezko» kolektibo bat direla, eta euren aldarrikapenei erantzuteko eskatu die. Garbitzaileen aurreko lan hitzarmena 2014an amaitu zen, eta geroztik eginiko bileretan ez da aldaketarik adostu. Martxoaren 2an greba hasi zuten.

Sindikatuen ustez, «greba eskubidea» urratu du Lan Sailak erabaki horrekin, lan kolektibo feminizatuekin «sistematikoki» egiten duen bezala. «Erantzukizunaren zama betiko pertsona berberen gainean jartzea erabaki du Jaurlaritzak. Zentro horietan osasun publikoa arriskuan zegoela uste bazuen, zentroak ixteko agindua eman beharko luke». Lan horiek egiteko segurtasun neurri berezirik ez dela hartu ere zehaztu dute.

«Bandalismoa, enpresena»

Kazetariek hala galdetuta, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek hizpide izan dituzte fakultate batzuetan izandako zikintze ekintzak, EHUk «bandalikotzat» jo baititu. «Bandalismoa da EHUn 30 urte daramatzaten emakumezko langileak esplotatzea; eta enpresari inplikazio handiagoa eskatu, eta negoziatzera behartu beharrean langileen eskubideak urratzea. Hori da bandalismoa». Era berean, aurreratu dute aginduak ez diela jarrera aldaraziko: «Osasun krisi hau amaituko da, baina gure borroka ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.