Albistea entzun

Greziaren aurkako salaketa jarri dute Giza Eskubideen Europako Auzitegian

Migratzaileak itsasoan atzeman eta Turkiara kanporatzea egotzi dio Atenasi Legal Centre Lesvos gobernuz kanpoko erakundeak
Turkiako kostazainak migratzaile talde bati laguntzen.
Turkiako kostazainak migratzaile talde bati laguntzen. ERDEM SAHIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi egilegor -

2021eko apirilak 28

Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman du LCL Legal Centre Lesvos erakundeak Greziako Gobernua. Migratzaileei laguntza ukatzea eta haien bizitzak arriskuan jarriz Turkiara bueltan bidaltzea egozten diote. Azken salaketa iazko urriaren 20ko gertakarietan oinarritzen da; zehazki, Greziak Turkiara bueltan bidali zituen 11 siriarren testigantzetan.

Lekukotzen arabera, 180 eta 200 pertsona artean zeramatzan itsasontzi bat ez atzera ez aurrera geratu zen Kreta uhartetik gertu. Ontzian zihoazenak iheslariak ziren. Europara heldu eta asiloa eskatzea zuten helburu. Hondoratzeko arriskuan zeudela ikusita, laguntza eskatu zieten Greziako kostazainei eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariari.

Kostazainek esandakoari jarraituz, Greziako uretaraino heldu ziren nola edo hala, han, bost edo sei ordura, erreskatatuko zituztelakoan. Baina ez zen inor laguntzera heldu. Horren tokian, gaua egin zenean, aurpegia estalia zuten hainbat lagun heldu ziren Greziako kostazainen bi ontzitan; zuten guztia kendu zieten, eta indarkeria handiagoz mehatxatu zituzten beste behin, Greziara sartzen ahalegintzen baziren. Kostazainen ontzietara eraman zituzten, eta haietan igaro behar izan zuten gaua, edaririk eta jatekorik gabe. Goizaldean, berriz, motorrik gabeko hainbat ontzitan sartu eta Turkiako kostaldean utzi zituzten.

Bosgarren aldia da erakunde horrek berak Greziaren aurka jotzen duela. Kasu guztietan, Greziara heldu eta asiloa eskatu zuten iheslariek indarkeria eta torturak salatu zituzten, eta Turkiako uretan utzi zituztela gaitzetsi. Aurrekoetan bezala, oraingoan ere, gobernuz kanpoko erakundeak Atenasko gobernuari egotzi dio iheslarien bizitza eskubidea eta askatasunerakoa urratu izana. Baita migratzaileekin gezurretan aritu izana ere, eta haiei «eremu seguruan» zeudela sinetsarazi izana.

LCLrena ez da, hala ere, Greziaren aurkako salaketa bakarra. Aegean Boat Report atariak Greziako uharteetan lan egiten duten boluntarioen bidez jasotzen du Greziarantz abiatzen diren migratzaileen ontzien berri —askotan, baita ontzietan doazenek egindako laguntza deien bitartez ere—. Hala, hark zabaldutako datuen arabera, apirilaren 12tik 18ra, 844 zeramatzaten 21 txalupa irten ziren Greziarantz, baina horietatik soilik 75 lagun heldu ziren; gainerakoak, 769 iheslari, kostazainek geldiarazi zituzten, eta Turkiako uretara bidali. Urtea hasi zenetik, berriz, 994 lagun heldu dira Greziara, 39 txalupatan. Atariaren arabera, ordea, askoz gehiago behar lukete, kontuan izanik Turkiako kostazainek 4.825 pertsona erreskatatu dituztela beren uretan. Horietatik 250, atzo bertan.

Gobernuz kanpoko erakundeek ez ezik, Turkiak berak ere behin baino gehiagotan leporatu izan dio Greziari migratzaileei laguntza ukatzea eta haiek itsasoan utzi izana. Atenasek, baina, ukatu egin ditu beti salaketok. Aegean Boat Report atariaren sortzaile Tommi Olsenen kasuan gainera, iragarri du haren aurkako salaketa jarriko duela auzitegietan, giza trafikoaz eta espioitzaz akusatuta. Bide batez, migratzaileak «greziarantz bidaltzea» leporatu dio Kiriakos Mitsotakis lehen ministroaren gobernuak Ankarari, modu horretan Europako Batasuna «estu» hartzeko asmoz. «Turkiako kostazainek eta itsas armadak migratzaileei laguntzen diete Europako ateetaraino, Greziarekiko harremanetan tentsioa eragiteko asmoz», esan du Notis Mitaratxi Migrazio ministroak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...