AEBek NBEri eskatu diote Txinari kargu hartzeko, pandemiarengatik

Txinak osasun krisiaren «politizazioa» gaitzetsi du, eta potentzien arteko oreka aldarrikatu

Donald Trump AEBetako presidentea, NBEren 75. urteurreneko batzar nagusiko hitzaldia ematen, bideo grabazio bidez. JUSTIN LANE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen 75. urteurreneko batzar nagusia ez zen estatuen arteko ospakizun xalo bat izan. Agerian gelditu da, beste behin, AEBek eta Txinak munduko ordena taxutzeko duten lehia bizia. Donald TrumpAEBetako presidentea gogor mintzatu da Txinaren aurka, eta COVID-19a, «Txina birusa» deitu zuena, munduan hedatzea leporatu dio Pekini. Hori dela eta, Txinari kontu hartzea galdegin dio NBEri. Xi Jinping Txinako presidenteak, berriz, pandemiaren «politizazioa» gaitzetsi du, eta potentzien arteko orekan oinarrituko den nazioarteko harreman eredu bat aldarrikatu du, AEBen hegemonia ordezkatuko duena.

Trumpek ahoan bilorik gabe hitz egin zuen Txinaren kontra, eta haren menpe jardutea egotzi zion OME Osasunaren Mundu Erakundeari. Pekinek eta OMEk pandemia hasieran hainbat gezur zabaldu zituztela salatu zuen. Besteak beste, birusa gizakien artean kutsatzen zelako frogarik ez zutela ziurtatzea.

AEBek Txinaren aurka egindako kritikak ez ziren pandemiara mugatu. Trumpek Txinak sortzen duen kutsadura ere gaitzetsi zuen. «Txinaren karbono isuriak» AEBek sortutakoak «ia halako bi» dira, presidentearen esanetan. «AEBen ingurumen politikak kritikatzen dituztenak, Txinaren kutsadura geroz eta handiagoari ez ikusiarena egiten badiote, ez daude ingurumenarengatik kezkatuta». AEBak Parisko Akordiotik erretiratzeko prozesua hasi zuen Trumpek, eta ordutik karbono isuriak «beste edozein herrialdek baino gehiago murriztu» dituela ziurtatu zuen.

AEBetako presidenteak «bake akordio historikoak» sustatu dituela nabarmendu du, bestalde. Kosovo eta Serbiaren arteko elkarrizketak aipatu ditu, baita Israelek Arabiar Emirerri Batuekin eta Bahrainekin sinatu dituen itunak ere. Ekialde Hurbilari dagokionez, «laster akordio gehiago» izango direla ziurtatu du.

Trumpen arabera, AEBek beren «patu bakezalea» betetzen dute. «Indarrean oinarritutako bakezaletasuna da». Presidenteak gaineratu du «AEBen aberastasuna» dela «mundu osoaren segurtasunaren oinarria».

Nazioarteko elkarlana

Batzordeko hitzaldiak grabazioak zirenez, Xi Jinping Txinako presidenteak ezin izan zien zuzenean erantzun Trumpen akusazioei, baina gaitzetsi egin zuen pandemiaren «politizazioa» eta «estigmatizazioa». Xiren esanetan, zientziak gidatu behar du estatuen jarduna birusaren aurkako borrokan, eta OMEren egitekoa nabarmendu du, «nazioarteko erantzun» bat eman ahal izateko.

Txinako presidenteak adierazi du nazioarteko elkarlana bultzatuko duela, eta Txinak garatuko dituen txertoak «ondasun publikoak» izango direla.

Pandemiatik harago, elkarlanak nazioarteko harremanen oinarri izan behar duela babestu du Xik, eta gaitzetsi egin ditu alde bakarreko jokabideak eta protekzionismo ekonomikoa. Haren esanetan, estatuak elkarren mendeko dira mundu globalizatu honetan, eta horrek nazioarteko gobernantza eredua indartzea eskatzen du; besteak beste, «zibilizazio ekologiko bat» sortzeko. Hala, NBE modernizatzea funtsezkoa dela esan du. Xiren esanetan, Txinak ez du nazioarteko hegemonia bilatuko, eta ez du izango «ez gerra hotzik, ezta berorik ere».

Hain zuzen, «Gerra Hotz baten» arriskuaz ohartarazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak. «Arrakala teknologiko eta ekonomiko batek ezinbestean dakar arrakala geoestrategiko eta militar baten arriskua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.