OMEk gomendatu du kutsatzaile nagusiei muga zorrotzagoak jartzeko

Esan du kutsadurarekin lotutako heriotza gehienak saihestu daitezkeela neurriak betez gero

Pekin, behe laino batek estalia, artxiboko irudi batean. ROMAN PILIPEY / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Iosu Alberdi
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Airearen kalitatea neurtzeko irizpideak aldatu ditu OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Zehazki, airean dauden lau kutsatzaile nagusien gomendatutako gehienezko kantitateak murriztu ditu, «froga zientifiko berrietan oinarrituta». Erabakiarekin, gobernuei presio egin nahi die erakundeak. Izan ere, kutsadura murrizteko eta osasuna hobetzeko ezinbestekotzat jo du irizpide berriak betetzea. OMEren arabera, urtean zazpi milioi lagun hiltzen dira kutsaduraren eraginez, baina horien ehuneko handi bat eragotziko litzateke neurriak betez gero; besteak beste, PM2.5 partikulekin lotura duten heriotzen %80.

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ez dira derrigorrean bete beharrekoak, eta estatu bakoitzak erabakitzen du horietara atxiki ala ez. Halere, etorkizunerako helburuak jartzeko balio dezakete. Kasu honetan, iragarritako erabakiek errekuntza motorrak jarri dituzte jomugan. Izan ere, erregai fosilak—petrolioa, gasa eta ikatza— eta biomasa erretzearekin lotuta daude aipatzen dituzten kutsatzaile gehienak: suspentsioan dauden 2,5 mikratik beherako partikulak (PM2,5), hamar mikratik beherakoak (PM10), ozonoa, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa eta karbono monoxidoa.

Suspentsioan dauden partikulei dagokienez, erdira murriztu du PM2,5 deritzenen gomendatutako urteko gehienezko esposizioa: metro kubikoko hamar mikrogramotik, bostera. PM10 deritzenen kasuan, berriz, hogei mikrogramotik hamabostera jaitsi dute gomendioa. Partikula mota horiek, besteak beste, erregai fosilen erabileraren ondorioz aireratzen dira, eta OMEk arriskutsutzat jotzen ditu biriketan sartu daitezkeelako; txikienen kasuan, odolera ere iritsi daitezke, eta arnas gaixotasunak eta eritasun kardiobaskularrak eraginez.

Halere, murrizketarik handiena nitrogeno dioxidoaren urteko atalasean ezarri dute. 2005etik, azken zuzentaraua argitaratu zutenetik, urteko eta metro kubikoko 40 mikrogramoan zegoen ezarria, eta hamar mikrogramoan jarri dute orain. OMEren arabera, arnas aparatuko gaixotasunekin lotura zuzena du, gehienbat, diesel eta gasolina bidez funtzionatzen duten ibilgailuek isurtzen duten gas horrek.

Gainerako kutsatzaileei ezarritako neurrietan ez dute hainbesteko aldaketarik egin. Ozonoaren kasuan, bere horretan mantendu dute gehienezko esposizioa, eta sufre dioxidoarenean, malgutu. Karbono monoxidoari dagokionez, lehen aldiz 24 orduko gehienezko esposizio bat ezarri da: lau miligramo metro kubikoko.

Ikatzaren ustiaketa

OME ez da izan neurri berriak iragarri dituen bakarra. NBE Nazio Batuen Erakundearen bozgorailuak erabiliaz, iragarpen bat egin zuen herenegun Txinako presidente Xi Jinpingek ere. Azaldu zuen Txinak ez dituela gehiago sustatuko ikatzaren ustiaketan oinarritutako itsasoz bestaldeko proiektuak. Orain arte Pekinek ikatzaren ustiaketan oinarritutako hainbat proiektu sostengatu ditu atzerrian, besteak beste Indonesian eta Bangladeshen, eta kritika ugari jaso ditu horregatik.

Ikatzari laguntza kentzeaz gain, Pekinek iragarri zuen handitu egingo dituela inbertsioak berriztagarrietan. «Ez dugu eraikiko ikatzean oinarritutako proiekturik atzerrian, eta lagundu egingo diegu energia berriztagarrietan inbertitu nahi duten eta garabidean diren estatuei», esan zuen Xik. Azaroan egitekoa duten COP26 goi bilerara begira egin zuen iragarpena Txinak; izan ere, zientzialari eta mugimendu ekologistak agintarien gaineko presioa handitzen ari dira azken asteetan, ohartaraziz neurriak orain hartu ezean klima larrialdia geldiezin bilaka daitekeela.

Pekinek ez ezik, beste hainbat estatuk ere iragarriak dituzte antzeko neurriak aldez aurretik. G7ko kideek —AEBak, Erresuma Batua, Europako Batasuna, Frantzia, Italia, Alemania eta Kanada— maiatzean iragarri zuten eten egingo zituztela ikatza energia gisa baliatzen zuten itsasoz bestaldeko proiektuetarako laguntzak. Hego Koreak eta Japoniak ere egina dute urratsa.

Aurten goia jo duena, baina, bestelako isurketa mota bat izan da: basoetako suteek eragindako karbono dioxidoarena (CO2). Europako Batasunaren Copernicus programak atmosfera monitorizatzeko duen zerbitzuaren arabera, uztailean eta abuztuan inoiz ez bezalako CO2 kantitateak isuri dira atmosferara: uztailean, 1.258,8 megatona, eta abuztuan, 1.384,6 megatona.

Suteen eragin larrienak jasan dituzten eremuak Mediterraneo ingurua, Siberia eta Ipar Amerika izan dira. Ikerketaren arabera, gainera, aurten piztu diren sute ugari krisi klimatikoaren ondorio zuzena dira: baldintza klimatikoak lehorragoak eta beroagoak dira inguru horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.