Albistea entzun

AUKUS ituna. Victor Gao. Txinako Nazioarteko Ikerketen Erakunde Nazionalaren zuzendaria

«Espero dut AUKUS itunak gogoeta bat piztea munduan»

Gaoren iritziz, itun militarra Mendebaldearen «Gerra Hotzeko pentsaera zaharkituaren» adibide da: «Akordio honekin, Australiako Gobernuak erabat saldu dio bere autonomia AEBetakoari».

OLATZ URKIA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Urkia -

2021eko urriak 19 - Pekin

Irailaren amaieran, bat-batean, abisurik eman gabe, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Australiak AUKUS akordio militarra sinatu zuten: aurrerantzean AEBek propultsio nuklearra duten itsaspekoak eraikitzen lagunduko diote Australiari. Horrela, Australiak ere arma nuklearrak izango ditu aurrerantzean; orain arte, munduan sei herrialdek bakarrik zituzten.

 

Itunak kritika asko piztu ditu; besteak beste, Zeelanda Berrian, Frantzian eta batez ere Txinan. Pekinek salatu du AUKUS itunak Asia Pazifikoko bakea «arriskuan» jartzen duela, eta ordua dela Mendebaldeko potentziek Gerra Hotzeko mentalitate zaharkitu hori alde batera uzteko.

Victor Gao geopolitikan aditua da; Txinako presidente Deng Xiaopingen interpretea izan zen, eta, orain, Nazioarteko Ikerketen Txinako Erakunde Nazionalaren zuzendaria da.

Australiaren eta Txinaren arteko harremanek okerrera egin dute azken urteetan. Hala ere, Australiako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan dio akordio horri, azpimarratuz itsaspekoak ez direla arma nuklearrak.

Noski, herritarrei errealitatea ezkutatu nahi die, eta horregatik diote itsaspekoak ez direla arma nuklearrak, baina denek dakigu hori ez dela horrela. Herri batek beste bati arma nuklearrak garatzeko laguntza eskaintzea oso gauza larria da.

Horrela hasiz gero, zergatik ez dute kolaboratuko Ipar Korearekin edo Iranekin ere beren gaitasun nuklearra handitzeko? Nork dio zein herrialdek duen horretarako eskubidea eta zeinek ez? Akordio hau sinatuta, guztiz urratu dira armamentu nuklearra ez areagotzeko ituna eta armamentu nuklearrik gabeko Hego Pazifikoko eremuaren akordioa.

Hortaz, australiarrak ez dira biziko aurrerantzean burbuila ez-nuklearrean; orain ez daude guztiz babestuta eraso nuklear batetik. Gainera, akordio honekin, Australiako Gobernuak erabat saldu dio bere autonomia Washingtoni. Hori da errealitatea, eta gobernuak egia ezkutatu nahi die herritarrei, oso larria delako.

Washingtonek Pekinen «otso diplomazia» salatu du, eta horrelako akordioak Txinarengandik babesteko beharrezkoak direla dio.

Otso diplomazia esatea ez da zuzena, Txinako mitologian otsoa ez baitugu ondo ikusten. Zerbait esatekotan, dragoi diplomazia esan beharko genuke. Izan ere, nik argi daukat Txinako diplomazialariak oso lan ona egiten ari direla.

Txinak ez du eraso egin nahi, baina oso tinko eusteko beharra sentitu du kanpotik datorren presio izugarria ikusita. Txinako diplomazialariak leunak ez badira, galdetu beharra dago zergatik gertatu den hori, zerk bultzatu dituen arreta handitzera.

[AEBetako presidente Joe] Bidenek behin eta berriz dio ez duela nahi gerra hotzik, baina zer esaten den baino adierazgarriagoa da zer egiten den. Eta ematen ari diren pausoek esaten duenaren kontrakoa erakusten dute. AUKUS ituna Mendebaldearen Gerra Hotzeko pentsaera zaharkitu horren adibidea da.

Babestu beharra ez da arrazoia; hori argi dago. Begira: Txina benetan mehatxu bat balitz, akordio honek ere ez luke izango zentzurik; izan ere, denek dakite Txina ez dela Australiaren beldur. Benetako mehatxu bat balego, AUKUS itunak arriskua areagotu besterik ez luke egingo Australiarentzat, norbaiti mehatxu eginda posible baita besteak ere erantzutea, eta, akordio honekin, AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak mehatxu egin diote Pekini.

Eta Txinaren aurka babesteko Pazifikoaren behar hori ez bada erreala, zergatik bultzatu dute AEBek horrelako akordio bat?

Betikoa: Washington beldur delako Pekinek munduan aurre hartuko ote dion. Horregatik, Txinaren aurka egin nahi du ahal den modu guztietan. Baina Txinak ez du hartu nahi AEBen lekua; ez dugu besteen gainetik egoteko behar hori, ez baitator gurekin bat filosofikoki. Hori bai, ekonomikoki, noski aurrea hartuko diogula Washingtoni, eta hori onartu egin beharko luke. Ezin du ezer egin prozesu hori geldiarazteko.

Gainera, Txinaren garapenari mugak jarri nahi izatea giza eskubideen urraketa larria da; txinatarrak munduko biztanleen %20 dira, eta garapen ekonomikorako eskubidea dute, beste guztiek bezalaxe.

Hortaz, AEBen botere nahia dago atzean, eta Australia AEBen panpina da? Autonomia eta segurtasuna galtzeaz gain, ekonomikoki ere zerbait galduko du?

Bai, benetan akordio txarra da Australiarentzat, eta lehen ministro izandakoak ere kritikatu du. Kontuan hartu behar da Australiak menpekotasun handia duela Txinarekin, batez ere merkataritza arloan.

Azken hamarkadetako hazkunde egonkor hori ez litzateke posible izango Txina gabe; Pekinekin 2015ean adostutako merkataritza libreko akordioak ere izugarri lagundu dio. Gaur egun, Txina da Australiaren lehen merkatua sektore askotan, eta ez dago ordezkatu dezakeen beste merkaturik: AEBak urrunegi daude; India Txina baino askoz txikiagoa da ekonomikoki. Australiak arriskuan jarri du hori guztia itun gatazkatsu honekin.

Zer gertatuko da etorkizunean?

Ikusi beharko da. Australiak denbora beharko du, eta 25 bat urte itxaron beharko du itsaspeko horiek eduki arte. Gauza asko gerta litezke ordura arte. Espero dut australiarrek ondo pentsatuko dutela guztia.

Bestalde, espero dut AUKUS akordioak hausnarketa bat piztea munduan; akordio hau larrialdi dei bat da, erakusten baitu munduan arma nuklearrak debekatzeko ituna arriskuan jartzen ari dela.

Pentsatu behar dugu nola babestu arma nuklearrak mugatzeko ituna. Eta bestalde, etorkizunean bakea eta egonkortasuna ziurtatzeko ere, nola ahaztu behingoz Gerra Hotzeko pentsaera?

Ikusi gehiago: Interes batzuen xake taulan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©DANI CODINA

«Ikasleen %100 atzerritarrak direnean, integrazioa ezinezkoa da»

Irati Urdalleta Lete

Katalunian, duela bi urtetik indarrean dago Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna. Besaluk uste du orain dela garaia balio al duen ikusteko.
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, atzo, Genevan. ©MARTIAL TREZZINI / EFE

Errusiak AEBei eskatu die NATO 1997ko mugetara erretiratzeko

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskuk ukatu du Ukrainaren aurka jotzeko asmoa izatea. Washingtonek iragarri du datorren astean erantzungo diela Kremlinen galderei, baina urratsak egiteko eskatu dio Putinen gobernuari
 ©NOS DIARIO

«Legez kanporatzen bagaituzte, politikoki erantzungo dugu»

Gorka Berasategi Otamendi

Espainiako justiziak Izca legez kanporatzeko auziarekin segitzea erabaki zuen, Estatuaren Abokatutzaren eta fiskaltzaren iritziaren kontra. Soilik «jarrera demokratiko faltak» azaldu dezake egoera, eledunaren ustez.
Bi emakume eta bi haur, joan den abenduan, Kabulgo ospitale batean. ©MONCHO TORRES / EFE

Norvegia eta «herrialde aliatuak» talibanekin batzartuko dira, Oslon

Igor Susaeta

Norvegiak uste du afganiarrei laguntzeko ezinbestekoa dela nazioartea muturreko islamistekin hizketan hastea. Bihartik asteartera bilduko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.