AUKUS ituna

Interes batzuen xake taulan

AEBen, Erresuma Batuaren eta Australiaren arteko AUKUS akordioak agerian utzi du nazioarteko estrategia testuinguru berria, eta baliteke oreka aldaketa bat eragitea Asia hego-ekialdean. Hori bai, eskualdeko herrialde guztiek ez dute begi onez ikusi Txinaren kontrako aliantza militar hori.

Ameriketako Estatu Batuen armadako urpeko bat, artxiboko irudi batean. THIEP VAN NGUYEN / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun

Australiak estatus geoestrategiko berezia du: maparen ekialdean dago; historikoki Mendebaldearekin lerratu da, eta, aldi berean, Txina du bazkide komertzialik garrantzitsuena. Beste modu batera esanda, Ozeaniako herrialderik handiena AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Pekinen arteko borrokaren erdian dago, eta horren lekuko zuzenetako bat bilakatu da hamarkadotan; Canberrak baitaki, askok baino hobeto, zer den Txinak gora egitea eta horrek eragin dituen ondorioak jasatea, eta mendebaldeko aliatuen kezkak eta presioak sentitzea.

Ozeaniako herrialdea ez dago ohituta albisteetako protagonista izatera. 2018ko drama politikoaz gain, iaz bere soldaduek ustez Afganistanen egindako krimenak ikertzeko asmoa adierazteaz gain, eta ekialdean izan zituen suteez aparte, Australiak ez du zeresan handirik eman bere mugetatik kanpo. Azken asteotan, ordea, nazioarteko aliantza politiko eta militarretan eta Asia hego-ekialdeko herrialdeen interesetan eragin handia izan duen akordio baten erdigunean dago: AUKUS ituna, AEBekin eta Erresuma Batuarekin sinatu zuena.

Akordio horren sinatzaileek helburu komun bat dute, Txinaren gorakadari aurre egitea, Pekin mehatxu bilakatu baitzaie arlo politikoan, ekonomikoan eta militarrean. AUKUS itunak, baina, askotariko erreakzioak eragin ditu Asia hego-ekialdeko herrialdeen artean, denek ez baitute begi onez ikusi erabaki hori, arma lasterketa eta eskala handiko gerra bat elika ditzakeelakoan.

Bi ideia nabarmendu dira eskualdeko estatuen artean: batetik, Txinaren ekintza militarretarako aukerak txikitu dituela, baita gatazka baterakoak ere; bestetik, gerra bat izatekotan, suntsitzaileagoa izango dela. Izan ere, talka eremu dezente daude Txina hegoaldeko itsasoan —mugen inguruan, esaterako—, eta horri gehitu behar zaio Taiwanek sortzen duen eztabaida eta Pekinek inguruko herrialdeetan dagoen diasporarekin duen harremana.

Itunaren alde egin dutenen artean dauden Vietnam, Taiwan, Japonia eta Hego Korea, eskualdean oreka aldaketa bat eragin dezakeelakoan, eta, noski, Txinarekin hainbat gatazka dituztelako. Aldiz, Indonesiak, Malaysiak eta Singapurrek ez dute begi onez ikusi AUKUS akordioa, eta argi eta garbi jakinarazi dute beren jarrera.

Herrialde horien kezka da Australiak jasoko dituen propultsoreak bide luze baten lehen pausoa izatea, Ozeaniako herrialdeak gerora armamentu nuklearra erosiko duelakoan. Hori gertatuz gero, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren —Australia ez dago bloke horretan— hamarkadotako helburuak, eskualdea era baketsuan mantentzearenak, pisuzko oztopo bat izango luke aurrean.

Eskualdearen garrantzia

AUKUS akordio garrantzitsua da, batez ere nazioarteko estrategiaren ikuspuntutik, munduko eskualderik garrantzitsuena bilakatzen ari den horri eragiten baitio; gainera, ekonomiarik dinamikoena du, eta nazioarteko merkataritzaren gehiengoa handik pasatzen da.

AEBentzat, AUKUS akordioa 2007an adosturiko Quad akordioaren osagarria da —Australiarekin, Indiarekin eta Japoniarekin sinatu zuen—, indopazifiko «libre, ireki eta demokratiko bat» sustatu nahi baitu. Alde horretatik, Joe Biden AEBetako presidentearen apustua logikoa da: Australiaren eta Txinaren arteko harremanak oso txarrak dira egun, eta Canberrak AEBen keinu bat behar zuen Pekini aurre egiteko.

Zeintzuk dira harreman txar horren arrazoiak? Australiak nazioarteko ikerketa bat sustatu izana COVID-19aren jatorria argitzeko. Txinak muga zergak ezarrita erantzun zion, eta, horren ondoren, Canberrak Zetaren Bidearekin loturiko bi proiektu bertan behera utzi zituen, segurtasun nazionalari erasango zietela argudiatuta.

Hirugarren sinatzailearentzat, Erresuma Batuarentzat, ituna EB Europako Batasunetik atera osteko garaiari begirakoa da, bere profila eta indarra finkatzeko eta nazioartean oihartzuna eta eragina izateko.

Mendebaldeko beste aliatu batzuk, ordea, haserre daude, batez ere EBkoak, plan horretatik kanpo geratu baitira; bazirudienean talde komunitarioak autonomia estrategikorako bidea hartu zuela, aliantza horrek planak aldarazi dizkio, eta lankide historikoekiko haserrea handitu. Kexa handienak, noski, Frantziatik datoz, hango enpresa batek Australiarekin zuen akordioa bertan behera geratu baita AUKUS akordioarengatik.

Parisentzat, umiliazioa bikoitza da, ituna modu sekretuan ondu baitzuten hilabete luzez, eta munduko eremu giltzarri batetik kanpo utzi dutelako, hilabeteotan han inbertitzeko beharra hainbatetan errepikatu duen arren; bere kontrolpeko eremuan —Kaledonia Berrian eta Polinesia Frantsesean—, gainera, 1,6 milioi biztanle bizi dira, eta hainbat interes ditu horregatik.

Ikusteko dago barne gatazka horrek zer eragin izango duen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean, 2022ko bilkuran plan estrategiko berria eztabaidatzekoak baitira. Baina denek argi dute nazioartea estrategia testuinguru berri batean dagoela.

Ikusi gehiago: Victor Gao, Txinako Nazioarteko Ikerketen Erakunde Nazionalaren zuzendaria: «Espero dut AUKUS itunak gogoeta bat piztea munduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.