Gutxienez 50 migratzaile topatu dituzte kamioi batean hilik AEBetan

Mexikoko mugatik 250 kilometrora aurkitu dute ibilgailua. Beroak itota hil direla uste dute agintariek. Lopez Obradorrek gertaera kritikatu du

Polizia, atzo goizaldean, kamioia topatutako eremua hesitzen. ADAM DAVIS / EFE.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Gutxienez 50 pertsona topatu zituzten hilik atzo San Antonion (Texas, AEB), errepide bazterrean abandonaturiko kamioi batean. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi zutenez, litekeena da migratzaileak beroagatik eta deshidratazioagatik hil izana, aireztapenik gabe baitzeuden gorpuak kamioian, eta urik gabe. Azken egunotan ia 40 graduko tenperaturak izan dituzte han. Beste hamasei pertsona erietxera eraman zituzten.

Mexikoko mugatik gertu dago San Antonio, 250 bat kilometrora, eta, lehen hipotesien arabera, handik letorke etorkinez beteriko kamioia. Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak egunero egiten duen prentsa agerraldian zehaztu zuenez, hildakoetatik 22 Mexikokoak dira, zazpi Guatemalakoak, bi Honduraskoak, eta hemeretziren herritartasunaren berri ez dute oraindik. Haren esanetan, gertatutakoak zerikusia du «erdialdeko amerikarren eta mexikarren pobrezia eta desesperazio egoerarekin».

Hiru pertsona atxilotu dituzte gertaerarekin lotuta, San Antonioko Poliziaren esanetan. Hiriko alkate Ron Nirenbergek etorkinak mugaz gaindi eramaten dituzten sareei leporatu die ezbeharraren erantzukizuna. Texasko prentsaren arabera, kamioia topatu duten lekuan ohikoa da ibilgailuak gelditzea etorkinak jaisteko muga legez kanpo igaro ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.