Koronabirusa. Eragina ekonomian

Errusiak trabak jarri dizkio petrolio ekoizpena 1,5 milioi upel jaisteari

Koronabirusaren ondorioz, kontsumoa gutxitu egin da, eta 50 dolarretan dago Brent upela

Kazetariak, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen egoitzaren aurrean, atzo, Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bidaiatzeko debekuak eta beldurrak ondorio zuzena izaten ari dira gasolindegietan. Behera doa erregaiaren prezioa, kontsumoa ere hala doalako. Ez da berri txarra atzeraldi baten beldurrari aurre egin behar dioten herrialde kontsumitzaileentzat, baina bai, ordea, ekoizleentzat. Petrolio garestiagoa nahi dute, haien diru sarrera nagusia delako. Horregatik proposatu du LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak 1,5 milioi upel kentzea merkatutik. Baina kartelak ez du ahalegina osorik bere gain hartu nahi, eta azken urteetan aliatu izan dituenei eskatu die haiek ere iturria ixteko. Eskaera bereziki Errusiari egindakoa da, hura delako LPEEtik kanpo dagoen esportatzaile nagusia; oraingoz, baina, ezezkoa jaso dute.

LPEEko ordezkariak Aleksander Noval Errusiako Petrolio ministroarekin dira gaur biltzekoak, ekoizpen murrizketari buruz erabaki bat hartzeko. Proposamen bateratua onartu zuen atzo kartelak, Vienako egoitzan egindako bileran: haiek milioi bat upel gutxiago ekoitziko dituzte, eta beste milioi erdi kendu beharko dute Errusiak eta besteek (Kazakhstan, Mexiko, Bahrain, Oman...).

Azken egunetan izan dituzte harremanak bi aldeek, baina ez dira ados jarri. Errusiak eta LPEEz kanpoko besteek diote nahikoa dela abenduan onartutako 2,1 milioi upelen murrizketarekin, nahiz eta urtea hasi denetik %25 inguru txikitu den Brent upelaren prezioa: 66 dolarrean salerosi zen abenduaren 31n, eta 51 dolarrean atzo.

Upela garestitzeko behar handiagoa dute LPEEko kideek. Saudi Arabiak, esaterako, ziurtatu du petrolioa 70 dolarrean behar duela bere aurrekontua orekatu ahal izateko. Errusiako Gobernuak, berriz, 40 dolarrekin nahikoa duela azaldu du.

LPEE eta haren aliatuen arteko borroka, hein batean, kuotari buruzkoa da. Ekoizpena txikitu duten bakoitzean, karteleko kide batzuek ahalegin handiagoa egin dute. Iaz, esaterako, murrizketaren %65 Saudi Arabiak hartu zuen bere gain —hark du errazen putzuak ixtea eta irekitzea—, eta Errusiak %11 baizik ez zuen egin, Bloomberg-en datuen arabera. Hau da, Saudi Arabiak merkatu kuota galdu duela Errusiaren mesedetan.

'Fracking' ekoizleak, adi

Baina azken urteetan merkatu kuota gehien irabazi dutenak AEBetan daude, eta fracking-aren bitartez petrolioa ustiatzen duten ehunka konpainia txikiak dira. Haien eskutik, AEBak munduko ekoizleetan handien bilakatu da, eta inportatzaile zena esportatzaile bihurtu da. Iaz, batez beste, 12,2 milioi upel ekoitzi zituzten AEBek, eta aurten milioi bat upel esportatu ditu.

Baina petrolioaren merkatzeak arriskuan jarri du ekoizle horien errentagarritasuna, produkzio kostu handiagoak baitituzte ohiko putzuak baino. Garai txarrean datorkie, gainera, zor handiak pilatu dituztelako —75.000 milioi dolar hurrengo lau urteetan ordaindu behar dituzte, Moody's-en arabera—, eta Wall Streeten babesa galdu dutelako, prezio txikiekin ez direlako gai izan errentagarritasuna emateko.

Finantzaketa merkeari eta errazari esker lortu zuten azken krisia gainditzea, 2014-2016 urteetan. 2014ko azaroan, merkatu kuota berreskuratu nahian, LPEEk iragarri zuen aurrerantzean ez zela saiatuko merkatuko prezioa baldintzatzen. Bi urtez eutsi ahal izan zion politika horri, baina 2016an amore eman zuen, 35 dolarrera merkatutako upelak diru-sarrerak gehiegi txikitu zizkielako. Kiderik ahulenak ez ezik —Venezuela, Irak, Iran...—, Golkoko monarkia aberatsek ere arazoak zituzten orduan beren kontuak orekatzeko.

Krisi horretan, milioi bat upel jaitsi zuten ekoizpena fracking bidezko ekoizleek, baina, oro har,uste baino hobeto eutsi zioten erronkari, aurrerakuntza teknologikoei esker merkeago ekoiztea lortu zutelako. Prezioa igo zenean, ia %50 handitu zuten berriroekoizpena, eta horrek ekarri du, hein batean, prezio apalak itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.