Kanpadendetan kokatuko dituzte Kanarietara iritsitako migratzaileak

Espainiako Gobernuak Marokori eskatu dio zorrotzago zaindu dezala mendebaldeko kostaldea

Kanaria uharteetara iritsitako migratzaile talde bat, Barranco Seco kanpalekura sartzeko zain, joan den asteazkenean. ELVIRA URQUIJO A. / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Kanaria Handiko Arguineguin portuan, Lotsaren kanpalekua deitzen dioten gunea desegingo du Espainiak, baina ez ditu Iberiar penintsulara lekualdatuko han dauden migratzaileak. Jose Luis Escriva Migrazio ministroak atzo azaldu zuenez, 7.000 lagunentzako kanpalekuak prestatuko dituzte urtea bukatu baino lehen, azken hilabeteetan Afrika mendebaldeko kostaldetik irten eta Kanarietara heltzea lortu duten migratzaileak kokatzeko.

Urtea hasi denetik, 18.000 lagunek baino gehiagok lortu dute migrazio ibilbide hilgarrienetakoa den zeharkaldi hori egitea Atlantikotik. Kopuru horren erdiak azken hilabetean heldu dira Kanaria uharteetara; mila lagun baino gehiago joan den asteburuan. 2020. urteari dagozkion kopuruak aurreko urteetakoak baino nabarmen handiagoak dira, eta uharteetan 2004. eta 2006. urteetan izan zen migrazio krisiaren antzeko egoera bat sor daitekeela ohartarazi zuen Escrivak, urrian.

Espainiako Gobernuak, baina, ez du baliabide nahikorik bideratu halako egoera bati aurre egiteko, eta joan den udatik hona, pilatuz joan dira Afrikatik Kanarietara iristea lortu duten migratzaileak, Kanaria Handiko Arguineguin portuan. Abuztuaren hasieran, 70 lagun inguruk egin behar izan zuten lo kaiko lurrean. Atzo, 1.300ek baino gehiagok pasatu zuten gaua han. Lotsaren kanpalekuan, 2.600 lagun ere pilatu dituzte. 200 inguru militarrek kudeatutako Barranco Seco kanpalekura eraman zituzten asteazkenean. Beste 5.500 migratzaile 17 hotel eta apartamentu eraikinetan kokatu dituzte.

Madrilen planaren arabera, 7.000 lagunentzako karpak banatuko dituzte dozena bat gunetan, Kanaria Handia, Tenerife eta Fuerteventura uharteetan.

Baina Madrilek baztertu egin du migratzaileak Iberiar penintsulara lekualdatzea Kanarietako harrera baldintzak hobetzeko. Escrivak azaldu duenez, migratzaileen %10ek soilik beteko lituzke asiloa eskatzeko baldintzak, gobernuaren kalkuluaren arabera, eta gainerakoak «kanporagarriak» dira. Ministroak adierazi du «egoera zaurgarrian» dauden horiek lekualdatuko dituztela.

Migratzaileei laguntzen ari diren GKEek kontrako iritzia dute, ordea. Salatu dutenez, indarkeria egoeretatik ihes egindako pertsona ugari berriz ere gatazka lurraldeetara itzuli ditu Espainiak, eta askori ez diete erraztu asilo eskaria egiteko zerbitzu juridikoa.

Pablo Iglesias Espainiako presidenteordeak eta Unidas Podemoseko hainbat ordezkarik Espainiako Gobernuari eskatu diote migratzaileak «lehenbailehen» lekualdatzeko penintsulara, eta adierazpen horiek tentsioa areagotu dute gobernu koalizioan: azken indar horren eta PSOEren artean.

Grande-Marlaska, Rabaten

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Rabatera bidaiatu zuen atzo, Marokoko Gobernuarekin biltzeko. Bilkuraren ostean, ez zuen argitu migratzaile marokoarrak deportatzeko akordiorik itxi zuten ala ez. Migrazio krisiari eman beharreko erantzuna «pandemiaren baldintza konkretuetara» moldatu behar dela nabarmendu zuen. Haren iritziz, koronabirusa hedatu izanak eraldatu egin ditu orain arteko migrazio fluxuak eta horiek eteteko hartu beharreko neurriak.

Kanarietara aurten iritsi diren migratzaileen %40 inguru dira Marokokoak, baina azken asteetan uharteetara heldutakoen artean handiagoa da marokoarren ehunekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.