NBEk eta Polisarioak gezurtatu dute arriskutsua denik Tindufera joatea

Espainiak asteon zabaldu du «atentatu bat prestatzen» ari direla sahararren kanpamentuetan

Jira Bulahi Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkaria, atzo, Madrilen bertsioa kritikatzeko agerraldian. F. VILLAR / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor Ander Perez Zala
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Fronte Polisarioak Aljerian dituen kanpamentuetara bidaiatzea «arriskutsua» dela ohartarazi zuen herenegun gauean Espainiako Atzerri Ministerioak. Komunikabideetara bidalitako ohar baten arabera, atzerriko «iturri fidagarrietatik» jakin ahal izan dute Espainiako erakundeen eta herritarren aurkako «atentatu bat prestatzen» ari direla, eta, horregatik, eremu horretara ez joateko gomendioa eman du. NBE Nazio Batuen Erakundeaketa Fronte Polisarioak, ordea, atzo gezurtatu egin zuten arriskutsua denik Tindufera bidaiatzea.

Abagune garrantzitsu batean egin zuen Madrilek ohartarazpen hori: herenegun Marokoko Atzerri ministro Nasser Burita Espainian izan zen bilera ofizial baterako, eta Fronte Polisarioak asteon jakinarazi zuen XV. kongresua Tifaritin (Mendebaldeko Sahara) egingo duela; iragan astean, gainera, EUCOCO Saharako Herriari Laguntzeko eta Elkartasuna Adierazteko Europako 44. Konferentzia egin zuten Gasteizen.

Madrilen oharrak piztutako alertaren ondorioz, NBEren Mendebaldeko Sahararako misioko ordezkariak Aljeriako kanpamentuetan lan egiten duten GKE gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariekin bildu ziren atzo, lasaitasuna eskatzeko.

Fronte Polisarioak ere gogor gaitzetsi zuen Espainiako Gobernuaren jarrera, eta nabarmendu zuen Saheleko egoera lehengo bera dela. «Beste hainbat herrialdek ere badituzte hemen lanean ari diren erakundeak, eta inork ez du halako alarmarik piztu. Hemen 28 urte daramatza NBEren misioak, eta berak ere ez du mehatxu berririk atzeman azken hilabeteetan», salatu zuen erakundeak ohar baten bidez.

Bide beretik, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Gobernuak errefuxiatuen aurka ez ezik haiei laguntzen dieten erakundeen aurka egitea ere egotzi zion Madrili. «Tamalgarria da, 44 urte geroago, Espainiako Gobernua sahararrei jazartzen jarraitzea. Erbesteratu egin zituen lehenik, eta Marokoren esku utzi zituen gero, zeina haiek hiltzen ahalegindu zen, fosforo zuria eta Napalm bonbak erabiliz, eta oraindik ere gure borrokaren aurka egiten jarraitzen du».

Madrilen zehaztapena

Espainiako Atzerri Ministerioaren oharrak sorturiko polemikak Madrilen eta Mendebaldeko Saharako erakundeen arteko gatazka dialektikoa are gehiago areagotu zuen, eta, hori ikusirik, Espainiako agintarietako batzuk egoera lasaitu nahian aritu ziren atzo.

«Atentatu arriskuari» buruzko polemika piztu egin zen Espainiako jarduneko Barne ministro Fernando Grande-Marlaska Aljerian zegoela, eta hark handik egoera bideratzea asmo zuten adierazpenak egin zituen: «Arrisku egoera bat dago, batez ere Maliko eremuaren desegonkortasunagatik, eta, horregatik, Espainiako Gobernuari dagokio herritarrei ohartaraztea egun eremu hori [Tinduf] ez dela segurua. Gure herritarrei eskatzen diegu bidaiatu aurretik beharrezko prebentzioa izan dezatela».

Hau da, zehaztu zuen arriskua «Malikoa» dela, eta, hortaz, ez duela sahararrekin zerikusirik; Margarita Robles Espainiako jarduneko Defentsa ministroak ere «kezka» agertu zuen atzo «berehalako arrisku» horretaz, baina auziaz ez zuen eman xehetasun gehiagorik.

Adierazpen horien ostean,Fronte Polisarioaren izenean mintzatu zen Jira Bulahi taldearen Espainiarako ordezkaria, Madrilen bertsioari erantzuteko helburu argiarekin; haren iritziz, Espainiako Atzerri Ministerioaren ohartarazpena «zoritxarrekoa eta tokiz kanpokoa» izan zen: «Kanpamentuak herrialderikegonkorrenetako batean daude. Orain arte, inor ez da gurekin harremanetan jarri atentatu arrisku horien berri emateko. Marokoko estatua erruduntzat joko dugu eremuan ezer gertatzen bada».

Tindufen lanean ari diren taldeek «harriduraz eta kezkaz» hartu zuten Espainiaren ohartarazpena; besteak beste, Mundubat Euskal Herriko GKEak. Antonio Montoro koordinatzaile orokorrak jakinarazi zuen Madrilen adierazpenak «oso serio» hartu dituztela, baina, aldi berean, informazio falta salatu zuen, ez dakitelako «zehazki zer den berehalako arrisku» hori.

Fronte Polisarioaren kongresuaren atarian ezagutarazi duteohartarazpena: aurtengoa hamabosgarrena da, eta abenduaren 19tik 21era egingo dute, Tifaritin, SEADek kudeatutako lurraldean. Tifariti Mauritaniako mugatik oso hurbil dago, eta Tindufeko errefuxiatu kanpamentuak 320 kilometro ingurura daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.