Julian Assange AEBetara estraditatzeko agindua sinatu du Erresuma Batuak

Londresko auzitegi batek gaur bertan ebatz lezake estradizio eskaera. Washingtonek hogei kargu egozten dizkio Wikileaksen sortzaileari

Assangek babes zabala dauka. Irudian, apirilean egindako elkarretaratze bat Dakhan, Bangladeshen. MONIRUL ALAM / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Julian Assangeren etorkizuna gero eta beltzagoa da, litekeena baita auzitegi batek gaur bertan erabakitzea Assange Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzea. Sajid Javid Erresuma Batuko Barne ministroak atzo jakinarazi zuen sinatu duela estradizio agindua, eta auzipetua gaur bertan agertuko dela epaileen aurrean: «Assange behar duen lekuan dago, kartzelatua. Auzitegiarena da azken erabakia, baina nik atzo [herenegun] sinatu nuen agiria bihar [gaur] justiziaren aurrera aurkezteko». Auzipetuaren osasun egoera aintzat hartuta, litekeena da auzi saioa segurtasun handiko espetxean bertan egitea.

Assange (Townsville, Australia, 1971) iragan apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen. Auzipetua Ekuadorko enbaxadan egon da babestua zazpi urtean, baina, gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan da, harik eta, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu dioten arte. Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik. Westminsterko Magistratuen Auzitegiko epaile batek espetxeratzea erabaki zuen gero. AEBek, berriz, atxiloketaren berri izan eta berehala eskatu zuten estradizioa.

Assangek maiatzaren 2an deklaratu zuen lehen aldiz epailearen aurrean, eta estradizioaren kontra agertu zen, argudiatuta «pertsona ugari babestu» dituela kazetaritzari esker. Assangek behin baino gehiagotan ohartarazi du bere «bizitza arriskuan» legokeela estraditatuko balute.

Washingtonek hogei kargu leporatzen dizkio Wikileaks atariaren sortzaileari: konspirazioa, espioitza, dokumentu sekretuak zabaltzea, defentsa nazionalari lotutako informazioa desklasifikatzea... Denera 170 urteko kartzela zigorra ezar liezaiokete.

Assangek 2006an sortu zuen Wikileaks. Ataria zabalik da egun, eta dagoeneko 1,2 milioi dokumentu plazaratu ditu, tartean isilpeko informazioa duten zenbait agiri. Cablegate esan zioten filtrazioak eragin zuen polemikarik handiena: izan ere, batzuentzat adierazpen askatasunean oinarritutako ariketa zen, eta beste batzuentzat segurtasuna arriskuan jarri zuenzentzugabekeria.

'Cablegate'-a

2010eko azaroaren 28an, bost egunkarik 250.000 agiri diplomatiko argitaratu zituzten: orain arteko filtraziorik mardulena. Irak eta Afganistango gerren inguruko dokumentu sekretuak zeuden tartean. Assangek Chelsea Manning soldadu ohiari esker eskuratu zituen dokumentu horietako asko. Manningi, bada, 35 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta, duela bi urte askatu bazuten ere, martxoan berriz kartzelatu zuten, auziaren inguruko saio batean deklaratzeari uko egiteagatik —Barack Obama presidenteak 2017an barkatu zion zigorra—.

AEBak ez dira, hala ere, hackerraren estradizioa eskatzen duten bakarrak. Suediako Fiskaltzak berriro ireki du haren kontrako auzi bat, bortxaketa salaketa batengatik. Auziaren jatorria ulertzeko, bederatzi urte egin behar da atzera. Assangek Stockholmen hitzaldi bat eman ondoren, bi emakumezkok salatu egin zuten, sexu erasoak egin zizkiela egotzita. Hiru delitu leporatu zizkioten, eta horietako bi iraungita daude. Bestea, «gradu txikiagoko bortxaketa», datorren urtean iraungiko da. Suediak nazioarteko atxilotze agindu bat eman zuen 2010ean. Assange urte bukaeran entregatu zen, eta estradizioaren inguruko lege prozesua zabalik zela lortu zuen Ekuadorren babes politikoa, 2012ko ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.